Gran Soleko ‘Ogitartekoa’ pintxoa
Gran Sol tabernak Hondarribia ordezkatuko du asteburu honetan Olivenza herrian (Badajoz, Extremadura, Espainia) egingo den Erdi Aroko Pintxo Txapelketan,
Ogitartekoa pintxoarekin. Muñozen sorkuntzak herriko sailkapen txapelketa irabazi zuen apirilean.
Txapelketaren berezitasun nagusia Erdi Aroko dietako elikagaiak erabiltzeko beharrean datza, hau da, Amerika deskubritu aurrekoak. Hori horrela, epaimahaiak tokian tokiko eta garaiko produktuen erabilera saritzen du eta Bixente Muñozen
Ogitartekoa-k baldintza horiek betetzen ditu. “Oilasko hanka bat da, beratutako hirugiharrarekin, onddo kremarekin eta txakolinarekin prestatuta. Ogitarteko itxura eman diogu eskuekin jan dezaten behartzeko, zalantzarik gabe. Gure produktuak sustatu nahi ditugu pintxo honekin”, azaldu du Muñozek.
Bost ekitaldi izan ditu orain arte Erdi Aroko Pintxo Txapelketak eta bostetan Hondarribiak sari potoloren bat irabazi du. Bixente Muñozek berak bitan irabazi du txapelketa, 2008an eta 2010ean, eta 2009an originaltasunaren saria irabazi zuen. Iaz San Nikolas Kantinako Gorka Irisarrik irabazi zuen sari nagusia eta duela bi urte Iñaki Gezalak originaltasunarena.