Europako Slalom Txapelketan izango dira Joan Crespo eta Ander Elosegi
Asteburu honetan, urak lasaitzen badira, piraguismoko Europako Slalom Txapelketa egingo dute Krakovian (Polonia). Europa erdialdean izandako uholdeek arriskuan jarri dute txapelketa bera, baina antolatzaileen arabera egin egingo dute, Vistula ibaiaren ur emaria lasaitzen ari delako. Hala, asteburu honetan egingo dute, baina sailkapen probak itzuli bakarrera laburtuta, bi itzulira beharrean, eta finalerdirik ez da egingo.
Santiagotarrak Kirol Elkarteko bi ordezkari izango dira Krakoviako lehian, Joan Crespo (K1 modalitatean) eta Ander Elosegi (C1ean). Biak ala biak dominaren bat lortzeko hautagaien artean daude, baina ur hain indartsuekin edozeinek egin dezake kale.
Egitaraua moldatuta, Elosegik eta Crespok larunbatean baino ez dira lehiatuko. Goizean izango dira sailkatze probak, C1ekoak zein K1ekoak, itzuli bakarrera, eta finalak eguerdian. Arratsaldean taldekako txapelketa egingo dute eta igandean emakumeak eta gizonen C2ak ariko dira.