Udaltzainek trafiko isun gutxiago jarri dituzte Errenterian
Trafiko isunen kopurua jaitsi egin da Errenteria-Oreretan. Salaketa administratiboei dagokienez, 7.755 jarri dituztela jakinarazi du Udaltzaingoak, eta zehazki, azken zazpi urteetako kopururik baxuena izan dela azaldu du. TAO salaketak eta toki ezegokian aparkatzeagatik jarritakoak nabarmen jaitsi direla azaldu du; lehenengoek %46 egin dute behera 2004tik, eta bigarrenek %62. Garabiek ere lan gutxiago eduki dute: 1.821 ibilgailu eraman dituzte, aurreko urtean baino %26 gutxiago. Datu horiek 2012ko memorian jakinarazi ditu Udaltzaingoak.
Istripuei dagokienez, udaltzaingoak nabarmendu du trafiko istripu eta harrapatzeak “2004tik aurkeztutako kopuru baxuena” izan direla, %30 eta %22, hurrenez hurren.
Autoa gutxiago erabiltzeko kanpaina
Trafiko Departamenduak ibilgailu pribatuaren erabilera saihesteko kanpaina bat egiteko txostena aurkeztu du, eta ikastetxeekin Eskola Bidea ekimena martxan jartzeko asmoa du.
Udal Gobernu Taldearen helburua Udaltzaingoa herritarrengana hurbiltzea dela jakinarazi dute, eta kalitatea hobetzea dela asmoa; “heziketa eta kontzientziazioaren bitartez, arazoei aurre egitea”.