Stop Kaleratzeak-en aldeko zesta jaialdia egingo dute Hondarribian
Hondarribiko Pilota Eskolako zesta puntako arduradunak eta jokalariak Stop Kaleratzeak taldearen aldeko zesta jaialdia antolatzen ari dira hilaren azken aurreko astebururako. Jostaldi pilotalekuan izango da eta, oraindik dena lotu gabe duten arren, egun horretan bi zesta partida izango direla eta horren aurretik Portutik kalejira egingo dutela aurreratu diote HITZAri. “Izugarria Erraldoi eta Buruhandien elkarteak bat egin du ekimenarekin eta beraiek dira Stop Kaleratzeak taldearekin harremanetan jarri direnak”, jakinarazi du zesta punta taldeko kide batek.
Jaialdiaren sarrera doan izango da, baina diru bilketa egingo dute “etxe gabe geratzen ari direnen egoera zerbait arintzearren”. Esan dutenez, baliteke zesta partidak telebistaz ematea eta horrek “arazoa gizarteratzeko aukera ona” emango lukeela gehitu dute antolatzaileek.