Pasa den astean egindako
udalbatzarrak ondorengo irakurketek jarraitzen dute. Ezker Anitzak Bilduk aurkeztutako Onkologikoari buruzko mozioa izan du hizpide. Bertan zentro hori Osakidetzaren sarean sartzeko eskakizuna onartu zuten.
Horrela, koalizioaren zinegotzi den Xabier Pombok argi utzi nahi izan du osasunak “publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa” izan behar duela, “herritar guztiek uste duten bezala”. Hala ere, uste dute Bilduk aurkeztutako mozioa “koherentzia falta” dela.
Horrela, nabarmendu dute Onkologikoa minbiziaren kontrako tratamenduan aitzindari izan dela, Kutxa Fundazioaren parte bezala. “Fundazio horrek, baina, bere zutabe izan diren batzuk bertan behera utziko ditu, Kutxabank sortzeko bankarizazio prozesuaren ondoren”. Bilduk prozesu horretan ardura izan duela egotzi dio Pombok: “Bilduk herritarren defendatzaile izan nahi du, baina batzuek memoria dugu, eta orain erabaki hori gaitzesten dutenek egoera horretan ardura izan dutela gogorarazi behar dugu”.
Horrela, Pomboren arabera, “ez da ahaztu behar ezker abertzaleak bi aldiz ekidin zuela aurrezki kutxak eremu publikoan jarraitzea: lehena, fusioa baztertzen, eta bigarrena bankarizazioaren alde egiten”. Gaineratu duenez, “prozesu horren emaitza jakina zen. Hori gertatzen da interes orokorra alde batera utzi eta interes pribatuak lehenesten direnean. Horregatik, diru irabaziak kaltetzen dituen oro ezabatuko dute, gizarte ekintza kasu”.
Bilduri autokritika egiteko eskatu dio Ezker Anitzak: “Bilduk errudunak beste toki batean daudela dio, erantzuleak beste batzuk direla esaten saiatuz. Autokritika egin beharko lukete, eta gizarte osoari esan zergatik lagundu zuen hiru aurrezki kutxak desagerrarazten, baita bere gizarte ekintza ere”.