Larunbatean egingo dute IX. Alabortza Eguna
Donibaneko Bonantza Auzo Elkarteak IX. Alabortza Eguna antolatu du datorren larunbaterako. 2005 urtetik egin ohi den bezala, “auzolana eta festa uztartzea” du helburu auzo elkarteak. Txokoa atondu eta erabiltzeko moduan utzi nahi dute, eta sanjuandar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte har dezaten.
Hala ere, hondartza ingurua behar bezala egoteko prozesuari buruzko informaziorik ez dutela esan du auzo elkarteak. “Aurtengo otsailaren 16an udal ordezkariak eta herritar ugari bildu ginen Alabortzaren proiektuaren gaineko informazioa jasotzeko. Udalak aurkeztutako proiektuarekin ados ginen, eta eskumena zuten gainerako erakundeei aurkeztuko zietela esan zuten udal ordezkariek, oniritzia jasotzeko. Ez dugu ordutik berririk!”. Horregatik, Alabortza biziberritzeko proiektua bukaeraraino eraman dezala eskatu diote Pasaiako Udalari.