Irungo Aldatsa Baratza Taldeak Kakusai zozketa egingo du larunbat eguerdian Meakan, Borda Txiki jatetxearen parean, kooperatibaren erronkei aurre egiteko behar duten dirua biltzeko helburuarekin. Zozketa izango da, rifa eta guzti, baina berezia, zaldi batek erabakiko baitu zeintzuk diren bi irabazleak, bere kaka mokordoak hobe esateko: “Txartelen zenbakiak lur zati bati dagokie eta irabazleak zaldi batek, edo hobeto esanda, zaldi horrek aurretik zatitutako lur sail batean sarturik eta ordu erdiko denbora tartearen barruan egindako lehenengo kakak erabakiko ditu. Kaka-mokordoa jasotzen duen eremua izango da orduan saritutakoa”, azaldu dio HITZAri Aldatsako kide Eneko Huartek.
Duela bi urte sortu zen Aldatsa kooperatiba eta dagoeneko 60 bazkide ditu. 5000 metro koadroko lur eremu maldatsua utzi zieten Meakan eta horietatik %80a lantzen dute, 20 saskiko programazioa egiten dutelarik. Uztailetik 25 saski programatzen hasi nahi dute eta, horretarako, eta egin duen udaberriak eragindako kalteak arintzeko, diru bilketa berezia antolatu dute, kaka zozketa. Huartek gehitu duenez, 2000 rifa atera dituzte, aukeratu dituzten bi sari potoloak ordaintzeko eta diru pixka bat irabazteko.
Donibane eta
Pertz sariak zozkatuko dituzte larunbatean eta sari bakoitza zortzi sariz osatuta dago (ikusi behean).
Eneko Huarte, Aldatsako kidea: “Edozein etor daiteke zozketa ikustera”
Huarte, erdian, Aldatsako beste bi kiderekin baratzean
Zein da zure ardura Aldatsan?
Baratzako ardura gehiena nik eta beste kide batek, Mikelek hartzen dugu, baina gainontzeko kooperatibistek ere etorri beharra dute. Gutxieneko batzuk ezarri ditugu eta denek dugu zer edo zer egiteko.
Kakusai zozketa egingo duzue larunbatean. Lehen aldia da zozketa egiten duzuena?
Bai, baina espero dugu aurrerantzean urtero egin ahal izatea. Proiektuarentzako diru sarrera bat gehitzeko helburua du, baina era berezian nahi genuen egin. Zozketaren bat egin izan dugu, baina nahiko hotza iruditzen zitzaigun eta ikusi izan dugu Baztanen, Malerrekan edota Ziburun egin izan dutela antzerako zozketaren bat, eta nolabait gurearekin lotuta dagoen zerbait denez, kaka zozketa egitea erabaki genuen.
Baratzarekin lortzen dugunarekin ez digu ematen hobetzen joateko eta horregatik pentsatu genuen zozketa egitea. Rifa asko atera genituen eta sariak ere potenteak izan behar zirela uste genuen. Gehienbat nekazal giroarekin lortuta sariak dira, baina badira hainbesteko lotura ez dutenak, Elgorriagako bainuetxekoa bezala, baina gainontzekek badute: asteburu bat nekazal turismo batean, gure saskiak, sagardo botilak…
Zenbat rifa atera dituzue?
Bi mila atera ditugu, bi eurotan bakoitza, eta saltzen direnen artean egingo dugu larunbatean zozketa. Larunbatean bertan izango da aukera rifak erosteko, zozketa hasi arte. Bestela, Irunen zenbait tokietan daude salgai.
Edozein etor daiteke zozketa ikustera. Borda Txikin kartelak jarriko ditugu baina oso erraza da iristea, Borda Txikiren pare-parean dago lurra. Hamabietan hasiko da eta, esan bezala, ordu hori arte zozketarako txartelak salduko ditugu bertan.
Taldean duzuen erronketako bat saski kopurua handitzea da…
Bai, orain arte hogei saski planifikatu ditugu —saski bakoitza familia batentzako izaten da, baina saski erdiak har daitezke— eta bada garai bat 25 saski planifikatzera pasatu nahi genuela, baina orain arte ezin izan dugu. Uztailetik aurrera nahi genuen baina udaberria izan dena izanda agian atzeratuko dugu. Norbaitek parte hartzeko interesa badu, jarri dadila gurekin kontaktuan
posta elektronikoaren bitartez eta baratza erakutsiko eta gure funtzionatzeko modua zein den azalduko diogu.
Kakusai zozketa. Sariak
Donibane Saria
- Elgorriaga Bainuetxean 2 lagunentzat egonaldi eta jarduerez osaturiko paketea: Gau bat logela bikoitzean ostatu eta buffet-gosariko erregimenean. 2 ibilbide termalak. Olioterapiaren bidezko 20 minutuko masaje bi.
- 2 pertsonentzat afaria Hondarribiko El Curry Verde jatetxe vegetarianoan.
- HIlabete osorako barazki saskiak Aldatsa Baratzaren eskutik.
- Gezatutako bakailu pieza bat, Merkairuneko Bakailuak postuaren eskutik.
- Patxaran botila bat.
- 6 sagardo botila.
- Alpargata pare bat Calzados Pombar dendaren eskutik.
- Zozketaren kamiseta oroigarria, Buatxabal/Oninart dendaren eskutik.
Pertz saria
- Huartearena Nekazal Ostatuan egonaldia 2 pertsonentzat: Gau bat logela bikoitzan. Afaria eta gosaria barne.
- 2 pertsonentzat afaria Hondarribiko El Curry Verde jatetxe vegetarianoan.
- HIlabete osorako barazki saskiak Aldatsa Baratzaren eskutik.
- Gezatutako bakailu pieza bat, Merkairuneko Bakailuak postuaren eskutik.
- Patxaran botila bat.
- 6 sagardo botila.
- Alpargata pare bat Calzados Pombar dendaren eskutik.
- Zozketaren kamiseta oroigarria, Buatxabal/Oninart dendaren eskutik.