Txoko Feministaren aurrean bildu dira herritarrak heriotzak salatzeko
Hamarnaka lagunek bat egin dute Antiju Morik talde feministak Bilboko heriotzak salatzeko deitutako elkarretaratzearekin. Txoko Feministaren aurrean
Emakumeon aurkako erasorik ez! Nazkatuta gaude!!! zioen pankartaren atzean bildu dira herritarrak. “Lehenik eta behin gure elkartasuna eta besarkadarik handiena helarazi nahi diegu Juan Carlos Aguilarrek burutatuko eraso sexisten ondorioz hildako bi emakumeen familia, lagun eta ingurukoei”, adierazi du Antiju Morik talde feministak.
Datu esanguratsu eta “ikaragarriak” plazaratu dituzte: Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian urtarriletik martxora bitarte 1204 eraso matxista erregistratu ziren, hau da, iaz baino %3 gehiago. “Nahikoa da, nazkatuta gaude, bada garaia indarkeria sexistarekin behingoz amaitzeko, eta horretarako bidea harreman desorekatuak suntsitu eta berdintasuna lortzea da”, nabarmendu dute.
Talde feministaren hitzetan, ezin da indarkeria sexistaz modu bakar eta isolatu batean hitz egin: “Indarkeria sexistak mila aurpegi, mila ahots, mila adierazteko forma eta esparru ditu; hemen, Euskal Herrian eta baita mundu osoan ere”.
Indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen duela ohartarazi du Antiju Morik taldeak.