Badia Eskolak antzerki emanaldiekin eta festa batekin esango dio agur ikasturteari
Pasaiako Badia Eskolak bigarren ikasturtea du herriko haurrei antzerkia hurbiltzen, eta urtea bukatuko dutela ospatzeko, hainbat antzezlan emango dituzte aste honetan zehar. Ez da urte bukaerako festarik faltako.
Ikasturtean landutakoa oholtzaratzen atzo hasi ziren, Donibaneko Euskal Kultur Astearen egitarauaren barruan. Gaur arratsaldean, berriz, Trintxerpeko Alkateordetzan egingo dute emanaldia, 18:30etik aurrera. Bertan, Karmengo Ama, Pasaia-Lezo Lizeoko txikienak eta Pasai Donibaneko ikasleak izango dira. Bihar, berriz, Antxon izango dira antzerki eskolakoak, Kultur Etxean, 18:30etik aurrera. La Anunciatako zein Lizeoko ikasleek hartuko dute parte.
Iganderako prestatu dute festa. Txokolate jatea egingo dute Antxoko Gure Zumardian, 17:00etatik aurrera. Ondoren, 18:30ean, Dejabu panpin laborategiaren eskutik, Azken Portu antzezlana ikusteko aukera izango dute. Musika eta antzerki gehiago ere izango da.
Datorren astean, topaketa
Datorren astean, berriz, eskolen arteko topaketa egingo dute. Horrela, astelehenean, 11:00etatik aurrera, Karmengo Ama ikastetxean bertako zein Lizeoko ikasleek antzezlana eskainiko dute. Asteartean Lizeoaren eraikin nagusian egingo dute, ordu berean, La Anunciatako ikasleek lagunduta. Azkenik, datorren ostegunean, hilaren 13an, Karmengo Amako eta La Anunciatako ikasleak azken ikastetxe horretan emango dute saioa.