Talaiakoek giro bikainean burutu dute ikasturte amaierako festa
Ikasturtea amaitzen ari da eta horrekin batera irailetik hona ikasitakoa erakusteko garaia da. Batzuk azken azterketei begira jarrita daude eta beste batzuk eskola ordutegitik kanpoko ekintzetan landutako gaiak erakusteko prest dira. Azken hauek entsegu berezia izan zuten larunbatean, Talaia eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasle, haur eta gurasoen ikasturte amaierako festan. Judoa, dantza eta panderoa, funki dantza, antzerkia, bertsolaritza… askotariko jardueretan trebatu ziren haurrak, gurasoen zoramenerako.
Festa handia antolatu zuten Talaiako arduradunek, eta larunbat osoan izan zen zer ikusi eta zer egin, ez aspertzeko modukoa: puzgarriak, herri kirolak, mahai tenisa, musika, rokodromo eta tirolina… denetarik egon zen jolasteko. Seigarren mailako gurasoek lagundu zuten dena antolatzen eta hamaiketako handia prestatu zuten, ikasle talde batek banatzen ibili zena.