Segurtasunari buruzko mozioa erregistratu du PSE-EEk
Pasaiako PSE-EEren udal taldeak jakinarazi duenez, herriko segurtasunari buruzko mozioa erregistratu du. Sozialisten iritziz, Udaltzaingoaren guardiak indartu behar dira, “segurtasun falta handia eta lapurreta asko pairatzen dituelako” udalerriak. Horrez gain, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean elkarlanean aritzeko hitzarmena eskatu dute.
PSE-EEk udal gobernua kritikatu du, “neurririk hartu ez duelako”. Horren harira, esan dute bizilagunek “euren kabuz neurriak hartzeko antolatzen” ari direla, “eta hori ikaragarria da”. Gaineratu dutenez, “herritarrek zergak ordaintzen dituzte, besteak beste euren herrietan seguru bizi daitezen bermatzeko”.
Bilera eskaera
PSE-EEk esan duenez, orain dela bi aste gaiaren gaineko bilera eskatu zion gobernu taldeari, “baina ez dugu erantzunik jaso”.
Gogorarazi dute azken hilabeteetan “lapurreta eta bandalismo kasu ugari” egon direla, eta “kaltetuenak” merkatariak izan direla. “Udalak egoera horiei aurre egin behar die. Argi dago jada ez direla anekdota hutsa”, azaldu dute sozialistek.