Irungo ostalariak eta udaleko kideak, gaurko aurkezpenean
Irungo jatetxeetako kideek bat egin dute Bioterra azokarekin. Hala, eskola-hitzaldiak nahiz Bono-Pintxo Ekologikoa ekimena abian jarriko dituzte ekologiaren eta ingurumenaren gaineko azokaren barruan, Irun Dastaturi jarraipena emateko. Familientzako eskaintzak dira horiek, hau da, ez dira publiko espezializatuarentzat.
Eskola-hitzaldiak Iñigo Lavado eta David Rodriguez sukaldariek emango dituzte, hilaren 9an (igandean), Ficobako auditorioan 11:00etatik aurrera. Janari naturalak nola prestatu azalduko dute bi sukaldari ezagunek. Brasil gozotegiko Koldo Salinasek ere parte hartuko du eskola horretan, Angeluko (Lapurdi) Chateau Brindos jatetxeko buru Christophe Grosjeanekin batera. Lau hitzaldi izango dira denera, 30 bat minutukoa bakoitza.
Brasilgo Koldo Salinasen ekarpena, ordea, ez da horretara mugatuko. Igandean bertan, baina 17:00etatik aurrera, txokolate ekologikoaren gaineko hitzaldia emango du Ficobara sartzeko hall-ean; 40 pertsonentzako da, eta aurretik eman behar da izena (943 21 65 80).
Bono-Pintxo Ekologikoa
Aurreko guztia gutzi balitz, Irungo hamabi tabernak bat egin dute Bioterrarekin, eta azoka bitartean Bono-Pintxo Ekologikoa ekimena abian jarriko dute. Azalpena: hama taberna horietako bakoitzak, euro batean, lehengai ekologikoekin egindako pintxoak salgai jarriko ditu. Horiek jateko, baina, aurretik bonoa lortu behar da. Hori Ficoban bertan egin behar da azoka bitartean. Honakoak dira bertan parte hartuko duten tabernak (San Juan eta Zabaltza plazen inguruan daude gehienak): Real Union, La Canasta, Mientras Tanto, Mari Ostatua, Kuluxka, Izartxo, Arano, Manolo, Corner, Da2, Orrua, Sargia eta Gaztelumendi. Horietan kontsumitzeko bonoa erosten dutenen artean Irun Aloja hotelean gau baterako zozketan parte hartuko dute.