Gaur hasiko da Donibaneko Euskal Kultur Astea, antzerki emanaldi batekin
Gaur hasiko da Donibaneko Euskal Kultur Astea, Bixi-Bixik antolatuta. Badia antzerki taldearen lan batekin hasiko da, zinema zaharrean, 18:30etik aurrera. Etzi arratsaldean, berriz, Koldo Izagirre idazleak Lana, kantua eta tiroak izeneko hitzaldia emango du Victor Hugo Etxean, 19:30etik aurrera.
Toki eta ordu berean, etzidamu, Trintxerpe, galiziarrak Euskal Herrian dokumentala eskainiko dute, eta ondoren solasaldia egongo da.
Azkenik, igandean, jai handia egingo dute Donibanen. Goizeko 10:00etan dultzaineroak irtengo dira, kalerik kale ibiltzeko, eta ordubete beranduago trikitilariak. 11:30etik aurrera, dantzari txikiak irtengo dira Meipitik. Arratsaldean, berriz, sagardo dastaketa egingo dute plazan, trikitilariek eta txistulariek lagunduta. 17:30ean hasiko dira jaialdiarekin. Egun osoan zehar herriko artisauek euren produktuak erakutsiko dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi guztiak pilotalekuan egingo dituzte.