Herriko musika bandak kalera aterako dira larunbatean, Errenteriako Musika Banden XVIII. Alardean. Aurtengo berritasun nagusia Errenteriako Musikaleko ikasleen bandaren parte hartzea izango da. EMKE Musika Kultura Elkarteko bandarekin batera ibiliko baita kalez kale.
Gaur goizean egin dute aurtengo ekitaldiaren aurkezpena Irune Balentziaga Kultura zinegotziak, Josu Mitxelena EMKEko presidenteak, Jon Berruezo Errenteriako Musikaleko ikasleen bandako zuzendariak, Iñaki Susperregi EMKEko presidenteordeak, eta Begoña Lasarte Errenteria Musikaleko zuzendari izango denak.
Ikasleen banda txertatzearen helburua gazteek ikasturtean egiten dutena ezagutarazi eta etorkizunean parte izateko duten EMKEren banda ezagutzea da. Dagoeneko Errenteria Musikaleko bi lagunek jotzen dute EMKEn.
Mutrikuko Musika Banda gonbidatu dute aurten, eta horrekin ia Gipuzkoa osoko banda guztiak ekarri dituztela azaldu du Mitxelenak, eta bakarrik Bergara eta Arrasatekoak falta zaizkiela.
Gainontzean, aurreko urteko formatuari eutsiko diotela azaldu du EMKEko presidenteak: kalejira, banden piezen emanaldiak Foru Plazan, eta bukaera,
Uruñuelako Martxa eta Agur jaunak kantak interpretatuz.
Kamisetak, hurrengo urteko 150. urteurrenaren harira
Hurrengo urtean 150 urte beteko ditu EMKEren bandak, eta hori aurreratuz, kamiseta batzuk atera dituzte. Larunbateko alardean erosteko aukera izango da, 10 euroren truke. Bi koloretan atera dituzte, gorria eta beltza.
Egitaraua
- 17:30: Musika bandak EMKEren egoitzan bilduko dira (Alfontso XI).
- 18:15: Marcha de Uruñuela eta Agur Jaunak abestien entsegua (Alardearen bukaeran joko dituzte).
- 18:45: Banden kalejira Alfontso XI kaletik abiatuta.
- 19:30: Banden kontzertua, Foru plazan. Bakoitzak hainbat pieza joko ditu. Ikasleen bandak 10 minutuko emanaldia egingo du, eta gainontzekoek bakoitzak 20 minutukoa.
- 21:30: EMKEren egoitzara joango dira berriro bandak.