Bidasoan eta Oarsoaldean 266 pertsonatan jaitsi da langabezia
Apirilaren azken egunetik maiatzaren 31ra 266 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua Oarsoaldean eta Bidasoan. Pasaian, Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen 105 pertsona gutxiago daude lanik gabe azken hilabetean, eta Irunen eta Hondarribian, berriz, 161. Gipuzkoan 399 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua, hortaz, horietatik %67 Oarsoaldekoak edo Bidasokoak dira. Egun, Bidasoan 6.386 pertsona daude lanik gabe (%17,4ko tasa), eta 5.713 Oarsoaldean (%16,6). Iazko maiatzaren 31n, Bidasoko langabeen kopurua 5.893koa zen (%15,25), eta 5.309koa Oarsoaldean (%15,04).
Gipuzkoan langabezia gehien jaitsi den eskualdeak dira Bidasoa eta Oarsoaldea, orden horretan. Baina hala ere, tasa handiena mantentzen dute, handiena Bidasoan eta bigarrenenez Oarsoaldean. Herrialdean tasarik txikiena duen eskualdea Debagoiena da (%12,41). Herrialdean, orotara, 49.869 pertsona daude lanik gabe (%14,72ko tasa).