Mundu osoan erabiltzen den osagaia da arroza, askorentzat oinarrizko elikagaia. Munduak komunean duen elikagaia izanda, jatorri anitzeko pertsonen elkargune izateko baliatuko dute larunbat honetan, Errenteria-Oreretako Iztieta auzoan, Diputazio plazan. Izan ere, bigarren urtez, Munduko Arrozak ekimena egingo dute. Bertan, jatorri anitzeko herritarrek euren modura prestatuko dute arroza, eta hara hurbiltzen direnek borondatearen truke arroz platera bat probatzeko aukera izango dute.
Atzo aurkeztu zuten ekimena horren antolatzailea den SOS Arrazakeriak, eta arroza prestatuko duten hainbat herrialdetako lagunek.
Gerardo Carrere SOS Arrazakeriako kideak azaldu duenez, iazko formatu bera izaten jarraituko du ekimenak. Aurten hamahiru herrialdetatik etorritako lagunek parte hartuko dute: Pakistan, Nepal, Senegal, Maroko, Kuba, Kolonbia, Nikaragua, Mongolia, Ginea, Guatemala, Peru, Venezuela eta Sahara. Iaz Senegalek irabazi zuen lehiaketa, eta aurten ere iazkoa errepikatzera aterako dira Modou Diagne eta Oulu Talle. Cornelio Etxea, Gaztelu eta Hostoak-eko ordezkariek osatuta egongo da epaimahaia.
Carrereren arabera, ekimenak jatorri anitzeko pertsonen arteko “elkarbizitza eta ezagutza” espazio izan nahi du: “Elkarbizitza espazio gutxi daude, eta horrek aurreiritzi eta estereotipoak ekartzen ditu”.
Horrez gain, gogoan izango dute etorkinei gehien eragin dien murrizketetako bat. Izan ere, apirilaren 24az geroztik gutxienez urte betez erroldatuta ez dauden etorkinek osasun arreta ordaindu behar dute. Langabezia, gizarte osoari eragiten dion arazoa den arren, etorkinengan, bereziki, handia dela aipatu du ere. Hala, Gipuzkoan 48.000 langabetik 6.000 etorkinak direla azaldu du, eta %17ko tasa dutela. Kontuan hartuta, herritarren %6,8 dela etorkina, horiengan tasa bikoiztu egiten dela jakinarazi du Carrerek.
Egitaraua
- 11:30: Sukaldariak lanean hasiko dira.
- 14:00: Epaimahaia platerak probatzen hasiko da.
- 11:30-15:00: Jam sessiona izango da, eguerdia girotzeko.