1563. urteko testamentuari buruzko hitzaldia emango du Barkhamek ostegunean
Ternuko agiri zaharrena den Domingo de Luça arrantzale hondarribiarraren testamentuari buruzko hitzaldia izango da ostegunean, hilaren 6an udaletxeko areto nagusian. Agiria aurkitu zuen Michael Barkham historialari kanadiarrak emango du hitzaldia, gazteleraz. 19:00etan hasiko da.
De Luça Ternura arrantzara joan zen eta bidaian gaixotu zen. Hil aurretik testamentua idatzi zuen Ternuko Placencia portuan eta agiria Euskal Herrira itzuli zen, Hondarribiko alkatearen sinadura jasotzeko. Mexiko iparraldetik gora —espainiarrak bertara iritsi ziren ordurako— idatzita dagoen jatorrizko agiri zibil zaharrena da.