Pat Metheny omenduko du Dani Tomas gitarristak ostegunean Kultur Etxean
Dani Tomas gitarristak Namaste Proyect goiburuko kontzertua eskainiko du ostegun honetan, hilak 6, Hondarribiko Kultur Etxeko areto nagusian (Denda kalea, 18), 19:30ean. Talde formatuan ariko da Tomas, bateria, kontrabaxua, piano, teklatu, eta saxo tenorrarekin, eta HME Strings Quartet laukotearen laguntzarekin (bi biolin, biola eta txeloa). Gitarristak berak azaltzen duenez, Pat Metheny jazz musikariari egindako omenaldi txikia izango da Namaste Proyect: “Urtean zehar jazz gitarraren ikuste partikularra jasotzen duen proiektua: tradizioa, abangoardia, fusioa, eta abar … guztia hari gidari berapean: nigan oinatzak uzten edo utzi dituen kantak. Pat Metheny Jazz amerikarreko musikari konpositorearen omenaldi txikia, zeinen funtsak errezitaldi guztiari eragiten dion”.
Ostiralean saio klasikoa
Ostiralean, aldiz, biolin eta piano bikote bat ariko da Kultur Etxean, Izaskun Etxebestek (biolina) eta Myriam Telleriak (pianoa) osatutakoa. Bi pieza luze interpretatuko dituzte: Wolfgang Amadeus Mozarten biolin eta pianorako Sonata KV 454 Si bemol maiorrean eta Cesar Francken piano eta biolinerako Sonata La maiorrean. 18:00etan hasiko da emanaldia, areto nagusian.
Bi kontzertuak, ostegunekoa zein ostiralekoa, doan dira.