Pasaiako Udalak eta Hurkoa fundazioak hitzarmena sinatu dute, "pasaitarren ongizate eta bizi kalitatearen alde"
Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak eta Hurkoa Fundazioak hitzarmena sinatu dute mendekotasun eta hauskortasun egoeran dauden pasaitarren “bizi kalitatearen eta ongizatearen alde lan egiteko”. Amaia Agirregabiria alkateak eta fundazioko presidente Jose Luis de la Cuestak sinatu zuten hitzarmena, pasa den astean.
Hurkoa fundazioa Gipuzkoako elizbarrutiko Caritasek sortu zuen, eta babes gutxien duten pertsonekin egiten du lan. Pasaian ere urteetan aritu dira lanean, baina orain idatziz jaso nahi izan dute akordioa.
Agirregabiriaren arabera, “herritarrengandik hurbil egonda, herritarrekiko hartu-eman zuzenean sumatzen da zenbaitzuk ez direla gai eguneroko jardunak egoki betetzeko”. Horregatik, Hurkoara jo dute, babes judiziala zein tutoretza bermatzeko, eta orain arteko gabeziak konpontzeko asmoz.