Hondarribiak ezin izan du denboraldia garaipen batekin amaitu
Ostiralean Aloña Mendirekin galdu zuen Ohorezko Mailako futbol taldeak (0-3) eta denboraldia seigarren tokian bukatu du. Liga aurreko asteburuan bukatu zen, baina azken aurreko partida jokatu gabe zeukaten Hondarribiak eta Aloña Mendik, eguraldiagatik ezin izan zelako jokatu. Hala, ostiralean jokatzekoa zen eta hiru puntuak lortu nahi zituen etxeko taldeak, zaleei eskaintzeko eta Berio taldeari bosgarren postua kentzeko. Baina ezin izan zuten lortu eta seigarren bukatu dute denboraldia.
Partidaren ostean taldeak eskertu nahi izan zuen denboraldian zehar zalegoarengandik jasotako babesa. “Hondarribia Futbol Elkarteko jokalari eta entrenatzaileak eskerrak eman nahi dizkizuegu zale guztiei denboraldi osoan zehar taldeari eskainitako babesagatik eta espero dugu datorren urtean ere zuen laguntzarekin kontatu ahal izatea. Bene-benetan, mila esker”, adierazi zuten.