Irungo Erletxean egin dute agerraldia
Bidasoko Stop Kaleratzeak taldea gustura dago Irungo Udalbatzak onartu zuelako Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) kentzea eskatzen zuen mozioa, baina hainbat gauza argitzeko daudela esan du. Testu hori bere osotasunean onartu zuten Irungo zinegotziek. Batetik, taldeak esan du HMEIrekin neurtzen diren hipotekak garestiagoak direla –%4, gutxi gorabehera–, eta horrek pobrezia egoeran daudenen kalterako dela, “ordainketa zailtzen die. Euriborrarekin neurtzen diren hipoteken aldean, HMEI dutenen kuotak 300-400 euro garestiago dira hilabeteko”. Hortaz, sistema hori erabiltzen duten banketxeei eskatu diete –onartutako mozioan ere hala agertzen da– ordezko indize bat ezartzea, “Gipuzkoan entitate nahikotxok horrela egin dute, euriborra gehi puntu portzentual bat ezarriz”. Hortaz, konpromisoa eskatu diete alderdi politikoei erabakitakoa gauzatzeko, “are gehiago beraiek onartutako legea denean”.
HMEIren gaineko argibideak emanda, plenoan gertatutakoaz gogoeta egin dute Bidasoko Stop Kaleratzeak mugimenduko kideek. Hala, gaur goizeko agerraldian esan dute mozioa PPkoek ez beste, beste zinegotzi guztiek onartu zutela, “PPk ordezko mozioa aurkeztu baitzuen, arreta gure mozioaren funtsetik aldendu asmoz: aurrezki kutxek HMEI berehala ken dezatela, eta PPren gobernuak egoera hori konpontzeko duen ardura onar dezala. Horiek ziren gure mozioaren xedeak”. Horrela, mozio alternatiboa aurkeztuz, PPk “bankuen eta kutxen alde” egin zuela uste du taldeak, eta herritarrak “babesik gabe utzi” dituela, “biztanleriaren interes orokorrei jaramonik egin gabe”.
Gainera, PPren bozeramaileak udalbatzarrean egindako zenbait adierazpen gezurtatu ditu gaur Stop Kaleratzeak-ek. PPren eledunak esan zuen, Stop Kaleratzeak-ek emandako balizko datuetan oinarrituta, Irunen lau etxe kaleratze “bakarrik” izan direla: “Irain bat deritzogu adierazpen horiek bermatzeko Stop Kaleratzeak-ek emandako datuak direla esatea. Hori ez da egia; ez dira lau kaleratze eman, eta gainera, guk ez ditugu eman datu horiek”.
Mozioan Kutxabanki –HMEI indizeak erabiltzen ditu entitate horrek– eskatzen zitzaion HMEIa kentzea, baina EAJko kideek eskatu zuten entitate horren izena moziotik kentzea; puntu horrek ez zuen zinegotzien babesik jaso: “Ez da harritzekoa EAJren jarrera hori, Kutxabanken administrazio kontseiluan gehiengoa duelako EAJk”.
Bukatzeko, taldeko kideek esan dute udalbatzarrean ezin izan ziotela erantzun PPren argudioei: “Udalbatzarrean bizitako hitz betoa ere salatzen dugu, eta iraintzen gaituztenean gure burua defendatzeko eskubidearen alde gaude”.