Ezkerretik hasita, Navascues, Kerejeta eta Garcia, aurkezpenean
Europako SUP (Surf Up Paddle) Txapelketako zirkuituko proba bat egingo dute igandean Hondarribian, HS2 klubak antolatutako III. Bikingo Egunaren harira. Egitarau benetan potoloa dakar aurtengo Bikingo Egunak, hiru jardunaldiko kultur eta kirol ospakizuna izango baita. Gaur aurkeztu dute Rio Bidasoa Hotelean, HS2ren presidente Iñaki Navascues eta Aitor Kerejeta Hondarribiko Alkatea bertan zirelarik. Navascuesek “udalaren laguntza handia” eskertu dio Kerejetari: “Udalaren laguntza gabe ezingo genuke Bikingo Eguna antolatu eta hori, garai hauetan, nabarmendu behar da”.
Eskualdean geroz eta jarraitzaile gehiago ditu HS2 elkartearen ekimenez gurera iritsi den SUP modalitateak, eta igandean kontinenteko surflari onenak lehiatzen ikusteko aukera izango da Hondarribian. Elite Mailako Europako Txapelketarako “14 kilometroko ibilbide erakargarria” antolatu dutela esan du Navascuesek. Kai Zaharretik abiatuko da eta Hendaiako Dunbetaraino joan eta gero kirolariek Jaizkibel aldera itzuliko dira, Fraileen hondartzaraino. Han buelta eman eta taulak Kai Zaharrera begira jarriko dituzte, irtengo diren leku berean helmugaratzeko. “Adituak ez direnentzako ibilbide motza eta errazagoa” egingo dute, bost kilometro luzerakoa.
Irristatze kirolen jaia izango da
SUP Txapelketa izango da III. Bikingo Egunaren ekitaldi nagusia, baina askoz ekitaldi gehiago antolatuko dituzte, ikusteko, entzuteko eta egiteko. Ostiralean hasiko da programa, Itsas Etxea Auditoriumean Axi Muniain eta Aritz Aranburu surflariek gidatuko duten proiekzio-hizketaldiarekin.
Ikusteko eta parte hartzeko
Larunbatean, aldiz, erakustaldiak izango dira egun osoan, Butroi pasealekuan. Batzuk zaleek parte hartzeko izango direla aipatu du HS2ren presidenteak, “beste batzuk ikusteko bakarrik, maila handikoak izango direlako”.
Dirt jump, water jump,
long skate,
skate slalom, BMX… Txapelketak ere izango dira larunbatean, hawaiar kanoa eta scoot modalitateenak, besteak beste. Azken honetan Ryan McNamara
rider profesionala gonbidatu dute antolatzaileek. Erakustaldia emango du McNamarak eta haren sinadura lortzeko aukera izango dute zaleek. Eta larunbateko jardunaldia bukatzeko festa bat prestatuko dute Uxoa tabernan.
Hiru egunez irristatze kirol erakustaldi eta txapelketak burutuko dituzte Hondarribian baina, batez ere, asteburuak surf kutsua izatea nahi dute antolatzaileek, hori baita HS2 elkartearen berezitasuna: “Gu hasi aurretik ez zegoen surf girorik Hondarribian eta giro hori nabaritzea nahi dugu”, ziurtatu du Navascuesek.
Hala, igandean, SUP Txapelketaren egunean, surfari lotutako azoka antolatuko dute Butroi pasealekuan, saltzeko eta informazioa emateko. Besteak beste, Aurreratu elkarteko kideak egokitutako surfa praktikatzen izango dira, Angeluko (Lapurdi) Woo enpresak Hego Euskal Herrian ezezagunak diren hawaiar kanoak erakutsiko ditu, eta 12 oin baino gutxiago duten all round taulak probatzeko aukera izango da.
Alkatea HS2ren kideekin, prentsaurrekoa hasi aurretik
Jaitsiera urrian
Asko handitu da hiru urtetan Bikingo Eguna, hainbeste, ezen antolatu nahi zuten guztia ez zaiela kabitu egitarauan. “Denera ezin izan gara iritsi eta Guadalupen egin izan dugun jaitsiera ezingo dugu orain egin. Urrian egingo dugu, baina Irunen, San Martzial mendian”, azaldu du Enrique Garcia HS2ren idazkariak. Lehen aldia izango da Irunen irristatze jaitsiera txapelketa bat egingo dela.