Portaera onaren aldeko dokumentuarekin bat egin du Irungo Udalak
Eudelek sustatuta, Irungo Udalak portaera ona bultzatzeko ekimen batekin bat egin du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste hamalau udalerrirekin batera. Ildo horretatik, portaera, gobernu ona eta instituzioaren kalitatearekiko konpromisoa kodeari batu zaio udala. Batik bat, krisiaren eraginez eta ustelkeria kasuen ugaritzearengatik jarri dute martxan ekimen hori, “horrek jendeak gertuen dituen erakundeekiko konfiantza galtzea ekarri duelako”, adierazi du Jose Antonio Santano Irungo alkateak.
Portaera on horren barruan sartzen dira, gardentasuna, exenplua ematea, herritarrekiko interesa eta kargu publikoen zintzotasuna. Santanok azaldu duenez, dokumentu horrek zinegotzien portaera erregulatu eta mugak ezartzen ditu, hala nola, interesen talka saihestea, informazioak ez jakinaraztea eta faboritismo praktikak saihestea.
Datozen asteetan, Etika eta Gobernu Onaren Batzordea sortuko da, eta berak eramango du dokumentu hori udalbatzarrera, aurrera ateratzeko helburuarekin.
Santanok nabarmendu du dokumentu hori ez dela amaiera, “hasiera baizik”. Hala, alkate edo zinegotzi izatea zerbitzu publikoarekiko “bokazioa” dela esan du, eta etorkizunean hala izateko lana egin behar dela esan du.