OarsoMusika kontzertuak antolatzen hasiko da, eta lehenengoa, Petti, Joseba Irazoki eta Kasernarat taldeena izango da, hurrengo ostiralean, hilak 7, Niessen aretoan.
Herriko musika taldeek euren musika ezagutarazteko zailtasunak izaten dituztela gogorarazi du Oarsomusikak, eta batik bat espazioen gabezia egin du erantzule. Tabernek kontzertuak jasotzeko traba ugari izaten direla azaldu du, eta oro har, ikuspegi merkantilista gailendu dela. Haatik, “halako ikuspegitik kanpo legokeen espazio eredu bat” sortzearen alde agertu da musikazale batzordeak: “Azken asmoa, herriak erabil dezan eta egokia litzatekeen espazio eta haren kudeaketa proposatzea baita”.
Horregatik, talde edo pertsona batek kontzertuak antolatu nahi izanez gero, Oarsomusikarekin harremanetan jartzera animatu dute
oarsomusika[a bildua]gmail.com-en.
Duela hilabete batzuk hasi zen biltzen 25 lagunek osatutako talde bat, eta epe horretan hainbat helburu finkatu dituzte: “Bertako taldeen sustapena, autokudeaketa, parte hartzera, autoantolaketa, euskalduntzea, kulturen arteko eta belaunaldien arteko lanketa eta diru irabazi asmorik gabekoa izatea”.
Espazioa komunak eta elkarlana beharrezkotzat jo dute, batik bat gaztetxe zaharra itxi zutenetik, “gazte eta ez hain gazteen ezinegonen agertoki eta sabai izandako”. Ordutik hainbat ekimen egin dituztela zehaztu du, baina “atomizatuta” egon direla: “Niessen zaharra, Mikelazulo, herri ekimenak, frontoi zaharra, gaztetxe berria, EMTE, Zintzilik Irratia… Ildo horretatik, autoantolakuntza kulturaleko erreferenteen falta dagoela iritzi dio Oarsomusikak.