Itsas Kayakeko kopa jokatzen ari dira Pasaian
Pasaiako uretan egiten ari dira momentu hauetan Itsas Kayakeko Koparen hirugarren proba, Trintxerpeko Pasaia Kayak taldearen eskutik. Partaideek 13,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta euskal kostaldeko talde gehienek parte hartuko dute. Proba irabazteko faborito etxeko kirolari bati izango da: Lander Rodriguez pasaitarra. Arerio gogorrak izango ditu, beste etxeko bat, Aritz Araneta taldekidea, kasu. Emakumeetan, berriz, Ainara Benavente taldekideak debuta egingo du, eta proba txukuna egiteko helburuarekin aterako da.
Antolatzaileen arabera, ibilbide berria izango du aurten, itsasoaren egoerak aurkakoa agintzen ez badu. Izan ere, sprinter kategoria nagusian, Trintxerpeko dartsenatik irten eta kanpoalderantz zuzenean abiatu ondoren, lau itzuli egin beharko dituzte San Pedroko pantalanaren parean egongo den buia batetik kanpoaldeko mendebaldeko bantxaraino, bantxa berderaino. Helmuga ere Trintxerpeko dartsenan izango da, irteeraren leku berean. “Horrela, ikusleek errazago jarraitu ahal izango dute proba eta Arando inguruko joan-etorriek ikusgarritasuna gehituko diote probari, batez ere popareko tartean”.
Kayak tradizionaleko modalitateak ere izango du bere txokoa; parte-hartzaileak lehenagotik irtengo dira eta itzuli bat gutxiago emango dute, 10 kilometroko ibilbidea betetzeko.