Atzo goizean inauguratu zuten Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Potitiketako Sailburuak portuko belaontzietarako arrapala eta plataforma. Arrapala zaharra egoera txarrean zegoen, eta berria egin dute. Hori, zehazki, Hondarribiko bela eskolaren ondoan dago, arrantza portuko zabalguneen hego mendebaldean. Arrapalak 11,8 metroko zabalera, 47 metroko luzera eta % 12,6ko pendiza du. Inguruan, gainera, kale argi gehiago jarri dituzte.
Horrekin batera, Klub Nautikoaren egungo plataforma handitu da (40 metro gehiago luzeran eta 19,75 metro gehiago zabaleran), eta obrei esker, gorabeherarik gabeko espazio laua bihurtu da.
Jaurlaritzako eta udaleko arduradunek azpiegitura berria bisitatu zuten, baita Hondarribiko arrantzale kofradia eta EKPren instalazioak ere. Oregiren arabera, portu eredugarria du Hondarribiak, eta “Europar Batasuna sustatzen ari den itsas turismoaren kokaleku izateko aukera asko ditu, duela egun gutxi Itsasoaren Europako Egunaren ildotik Maltan egindako biltzarrean adierazi zen bezala”.