Udalerriko hiru mendi taldek irteerak egingo dituzte hurrengo asteburuan. Alde batetik, Itsastarrak eta Mendi Zaleak taldeek irteera bateratua egingo dute larunbata eta iganderako. Kantabria aldera joango dira, Europako Mendietara. Hilaren 8an, larunbata, 06:15ean irtengo dira Trintxerpeko Hospitalillotik. Espinama herritik Aliba mendatea igoko dute, Cuete Redondotik pasatuko dira eta Valdecororen gailur nagusira igoko dira. Gauean Peña Remoñan hartuko dute ostatu.
Igandean, berriz, San Glorio mendatetik (Kantabria eta Leongo probintzien mugan) Collado Robadoiro, Alto del Cubil del Can eta Pico de las Tres Provinciasera joango dira, Peña Prietan bukatzeko. Ledantesen herrira bueltatuko dira.
Jaizkibel mendi taldekoek, berriz, Zuberoako Itzuliaren azkeneko etapa beteko dute hilaren 9an. Iratiko txaletetatik Ahuskiko gainera igoko dira. Izena emateko mendi taldearen egoitzatik (Oarso kalea, 4) pasatu beharko dute asteazken edo ostiraletan, 20:00etatik 22:00etara. Euren
webgunean ere eman dezakete izena. Egutegitik kanpoko txangoa izango da, lau aldiz atzeratu delako.