II. Berdintasun Plana berretsi du Errenteriako Udalak
Astearteko plenoan ikusi zuen argi berdea Errenteriako II. Berdintasun Planak. Bozketara eraman zuten, nahiz eta berez, alkatetzaren konpetentzia izan, baina udal talde guztien oniritzia jaso zuen, eta aho batez atera zen aurrera. Bigarren berdintasun planak hiru urteko iraupena izango du, 2013tik 2016ra.
Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak planaren aurkezpena egin zuen. Hasteko, garrantzitsutzat jo zuen plana Udalbatzak berrestea, denek “bere” egiteko. Ondoren, plana nola egin duten azaldu zuen, eta prozesu parte hartzaile batetik datorrela jakinarazi zuen. Partaideek, lehenengo plana baloratu egin zuten, eta bigarren planerako erronkak ezarri zituzten.
Lau ardatz nagusi markatu dituzte: gobernu ona, indarkeria matxista ezabatzea, emakumeen ahalduntzea eta bizimodu eramangarria erdigunean jartzea.
Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako zinegotziak nabarmendu zuen ez direla garai onak berdintasunarentzat, azken astean, estatu mailan, 48 ordutan, lau emakume hil dituztela, eta larunbatean, Oiartzunen emakume bat erasotu zutela salatu zuen. Horrez gain, beste udaletan berdintasunerako funtsak murriztu dituztela kontuan hartuta, Errenteriako Udalak hartu duen bidea “pozgarria” dela esan zuen. Bigarren planak lehenengoaren bidea berrestea ekarriko duela gaineratu zuen. Gainontzeko talde guztiak bide beretik hitz egin zuten.
Garajeak
Aho batez onartu ziren Parke eta Urdaburu kaleetako garajeen baldintza agiriak. Garajeen bi eraikin egin dituzte. 1 eraikinak bi solairu ditu, eta 58 autorentzako tokia dago. 2 eraikinak lau solairu ditu eta 53 plaza daude.
Horrez gain, udala eta EAJk Batzokia zegoen eremuaren gainean lortutako akordioari buruz ere hitz egin zuten, eta oro har, talde guztiak poztu ziren hori aurrera eramateaz.
Azkenik, galdera eta erantzunen atalean, Fanderiako presaren lanak noiz egingo dituzten galdetu zuen PSE-EEko bozeramaile Jose Angel Rodriguezek, eta Luisma Diez Hirigintza zinegotziak erantzun zion zenbait erakunderen erantzunaren zain daudela, hala nola, Ura agentzia eta aldundia. Hala ere, obrak udan hastea espero dutela esan du.
Gobernuz Kanpoko Erakundeen diru laguntzen gaia atera zuen hurrena PSE-EEk. Julen Mendoza alkatearen arabera, dagoeneko erredaktatuta dute.
Azkenik, Arramendiko etxebizitzak aipatu zituen PSE-EEk, eta ea Eusko Jaurlaritzarekin egindako itunaren berririk baduten. Mendozak erantzun zuen eskatua dutela bilera.