Hondarribiak zaleen aurrean amaituko du denboraldia gaur
Hondarribia Futbol Elkartearen talde nagusiak denboraldiko azken partida jokatuko du gaur arratsaldean Hondartzako belar artifizialeko zelaian, 19:00etan. Berez, joan den asteburuan bukatu zen liga, baina Hondarribiak eta Aloña Mendik azken aurreko jardunaldiko partida ezin izan zuten jokatu, zelaia urez gainezka zegoelako, eta bi talde horiek gaur itxiko dute aurtengoz Ohorezko Mailaren pertsiana.
Duela hamabi hilabete Hondarribiaren zaleak pozik zeuden ozta-ozta mailari eutsi ziotelako. Aurten denboraldia askoz ere gozoagoa izan da beraientzat eta taldeak sailkapenaren goiko aldean amaituko du denboraldia: seigarren tokian dago eta gaur irabaziz gero Berio aurreratu eta bosgarren tokian bukatuko luke.
Horretarako Aloña Mendiri irabazi behar diote. Oñatiarrek sailkapenaren erdialdean bukatuko dute denboraldia, bederatzigarren postuan. Gol gutxien sartu dituen taldea da Aloña Mendi baina, era berean, ez da erraza haiei gola sartzea.
Horregatik, klubeko arduradunek, jokalariek eta Mikel Llorente entrenatzaileak dei berezia egin diete zaleei gaurko partidara joateko. “Denboraldiari amaiera bikaina emateko aukera izango dugu zaleen aurrean”, adierazi du Llorentek. Irabazi ala galdu, Hondarribiko partidetan harmailetatik jasotako berotasuna eskertu dute behin eta berriz taldetik eta, hori horrela, gaur arratsaldean zale horiekin guztiekin batera bukatu nahi dute liga, ahal bada Aloña Mendiren kontra hiru puntuak lortuz.