Pasa den
asteartean udalbatzarra egin zuen Pasaiako Udalak, eta, besteak beste, PSE-EEk hiri hondakinen gaineko mozioa aurkeztu zuen. Bertan, edukiontzi marroia ezartzeko eskatzen zuten sozialistek, baina ez zen aurrera atera. EAJren udal taldeak Bilduren jarrera gaitzetsi du Nahikari Otermin bozeramaileak hedabideetara bidali duen prentsa ohar bidez, “txipa duen bosgarren edukiontzia jartzeko akordioari muzin egin” izanagatik. Akordioa lortuz gero, jeltzaleen ustez, “Donibanen atez atekoaren ezarpena geldituko litzateke”. Astearteko plenoan ez zuen agertzerik izan Oterminek, eta EAJren jarrera Erik Rios zinegotzi jeltzaleak defendatu zuen gai horretan. Oterminek plenoa eta gero bidalitako oharra da EAJrena.
Nahikari Oterminen arabera, pasaitarrek “sistema horren kontrako jarrera erakutsi dute”. Horrela, jaso diren sinadurak zein balkoietatik zintzilik dauden zabor poltsak gogorarazi ditu. “Bilduk agintzen duen beste zenbait herrietan azaldu duten jarrera aldaketa dela eta, gobernuak aukera bikaina du pasaitarrak sumintzen dituen gai honekin behingoz bukatzeko”, gaineratu du. Udal gobernuari esan dio bere taldeak “borondatea” duela hondakin bilketa “kontzientziazioan oinarrutu dadin, eta ez inposizioan”.
Oterminen ustez, udal gobernu taldeari gaia “esku artetik joan zaio”. Gaineratu duenez, Azpeitiko eta Donostiako udaletan “Bildu zentzatu egin da”. EAJk Pasaia “hurrengo herria” izan zedin nahi zuen, baina “hemen ez du oposizioarekin kontatu”. Horregatik, pasaitarrak atez atekoaren kontrako plataformak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.
Azkenik, Pasaiako Ezkerraren jarrera gaitzetsi dute: “Ezker Anitzak bozketa guztietan ‘mailegatzen’ dion botuak Bilduri gehiengo absolutua ematen dio, eta honekin, gainontzekoari bizkarra eman dakiekeela pentsatzen dute. Badirudi kontutan hartzen ez dutena, herriaren erdiari bizkarra ematen dietela dela, eta honekin batera kaleetan ikusten diren ondorioak”.