
Silanes eta Zendoia, aurkezpenean
Laugarren urtea beteko du aurten uda garaiko larunbatetan Guadalupera igotzen den Tren Berdeak, baina aurreko ekitaldietako ezer gutxik balio du, berrikuntzez beteta abiatuko baita aurtengo ekitaldia. Hala, larunbatetan bezala, astelehenetan ere igoko da trena gotorlekura eta igandeetan falkoneria erakustaldiak egingo dituzte bertan. Asteazkenean Hondarribiko udaletxeko areto nagusian komunikabideak bildu zituzten eta nobedade guztien berri eman zuten Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak eta Mikel Zendoia Behemendi Landa Garapenerako Erakundeko teknikariak.
Bihar, larunbatarekin aterako dute tren berdea garajetik eta 2013ko lehen bidaia egingo du Guadalupera, orain arteko ibilbide bera jarraituz: San Juan de Dios biribilgunetik abiatu, Higerreko farolaraino errepidez joango da eta hortik Artzuko landa bidea hartuko du Guadalupeko gotorlekuraino. Han lubakira jaitsiko da eta bertan utziko ditu bisitariak, eta bueltako bidaia egin nahi dutenak hartuko ditu. Hortik aparte ia dena berria da.

Falkoneria saio bat
Hasteko, Arma Plaza Fundazioa sartu da antolatzaile taldean eta taldeentzako erreserbak eta bestelakoak haien bitartez egingo dira aurrerantzean (943 64 36 77 telefono zenbakian edota
fundazioaren helbide elektronikoan). Fundazioak antolatuta, nahi dutenek, gotorlekuan bisita gidatua egiteko aukera izango dute larunbatetan. Eta goardia-gorputzaren ondoren dagoen plazatxoan falkoneria erakustaldiak izango dira. Hiru ekitaldiak bananduta daudela argitu zuen Zendoiak: “Nahi duenak trena garraio bezala erabili dezake, bisita gidatuan parte hartu gabe” eta trenean igo ez direnek ere eros ditzakete bisita gidatuko txartelak edota igandean falkoneriakoak. Hala, bakoitzak bere prezioa du: hiru euro trenak, bisita gidatuak bi euro eta falkoneria erakustaldiak beste hiru euro.
Astelehenetan ere
Larunbatetan igoko da tren berdea Guadalupera, baina ez bakarrik. Izan ere, uztaila eta abuztuko astelehenetan ere izango dira ibilbideak eta, aldez aurretik deitzen dutenentzat ekaineko eta iraileko astelehenetan ere. Trenez santutegiko belardietara igo eta jaisteko aukeraz gain, bisita gidatuak ere eskainiko dituzte ekaina eta iraila bitarteko astelehenetan.
Horiek dira orain artean aurkeztu dituzten nobedadeak, baina gehiago izango dira. Goardia-gorputzaren gunea konponketa lanak egiten ari dira, eta beste bi areto egokituko dituzte erakusketa bat jartzeko. “Une hauetan Gotorlekuaren barnean zenbait hobekuntza lan egiten ari gara, Gotorlekuaren inguruko erakusketa bat egiteko eta baita Jaizkibel mendiak dauzkan ondare baliabideen inguruan ere. Ekainaren amaierarako amaituta egotea espero dugu” gehitu du Silanesek.
Tren Berdea
- Noiz: larunbatetan eta uztaila eta abuztuko astelehenetan, 10:00etan, 12:00etan, 16:00etan eta 18:00etan. Ekaina eta iraileko astelehenetan erreserba eginez gero.
- Prezioa: 3 euro, igo eta jaitsi (iazko prezio bera da).
- Kapazitatea: 29 eserleku. Iaz 2.000 lagunek erabili zuten zerbitzua.
Bisita gidatuak
- Noiz: Larunbatetan; zazpi bisita egingo dira guztira, 11:00etatik aurrera. Astelehenetan ere egingo dira, taldea osatzen bada (erreserba egiteko: 943 64 36 77).
- Prezioa: 2 euro.
Falkoneria erakustaldiak
- Noiz: Igandeeetan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.
- Prezioa: 3 euro.