Donibaneko eraikin balioanitzaren bi fase esleitu ditu udalak
Bigarren eta hirugarren faseko lanak dira; astearteko udalbatzarraren hasieran eta bukaeran Juan Carlos Alduntzinen lana goraipatu zuten
Juan Carlos Alduntzin sanpedrotarraren izenak eta lanak markatu zuen Pasaiako Udaleko astearteko udalbatzarra. Hasieran, Izaskun Gomezek PSE-EEren izenean Alduntzinek Pasaiaren alde egindako lana goraipatu zuen, “nahiz eta batzuetan, hainbat gairen gainean ados ez egon”. Alduntzinengandik jasotako errespetua eta Pasaiaren alde egindakoa onartu zuen Gomezek. Bukaeran, berriz, Amaia Agirregabiria alkateak, udal gobernu taldearen izenean, Alduntzinek “Euskal Herriaren alde, Gipuzkoaren alde eta Pasaiaren alde” egindako lana baloratu zuen, eta ziur azaldu zen laguntzeko prest egongo dela, “handia zara maisu. Mila esker, animo eta gero arte”. 22 urteren ondoren, politika utziko du Alduntzinek; besteak beste, 1999-2003 legealdian Pasaiako alkate izan zen. Bi adierazpen horien tartean, ordea, hainbat puntu jorratu zituzten zinegotziek, tartean Donibaneko eraikin balioanitzaren gaineko bat: Udalbatzak erikin hori egiteko lanen bigarren eta hirugarren fasearen esleipena berretsi zuen, “eskaintzarik onenari” eman diote ardura hori.
Hala ere, PSE-EEk esleipen horren gaineko zalantzak agertu, eta abstentziora jo zuen -aurretik egindako batzorde batean aldekoa zen euren iritzia-, eta horretarako udal arkitektoaren iritzia baliatu zuen. PSE-EEk esan zuenez, enpresa esleidunak ez du ezagutzen eraikina, eta lanen exekuzio epeen gaineko zalantzak agertu zituen, “are gehiago lan horiek aldunsiaren diru laguntza baten menpe daudenean”. Edonola ere, lanak esleitzeko berrespeanren alde egin zuen zinegotzien gehiengoak.
Eztabaida gehien eragin zuen puntua etxe hutsen gaineko udal ordenantza berriaren aldaketa proposamenarena izan zen. PSE-EEk hori aldatzeko proposamena luzatu zuen -bere proposamenean, besteak beste, etxe hutsen errekargua %50ekoa izatea proposatu zuen, %150ekoa izan beharrean-, baina ez zen aurrera atera, gobernu taldeak kontra bozkatu zuelako. Bixen Itxaso PSE-EEko kideak esan zuen argitu behar dela “zer den bigarren etxebizitza bat, edo etxebizitza huts bat”, eta gainera, errekargua jabe askorentzat ez dela bidezkoa, “horietako asko herritar xumeak direlako”. Jose Luis Sanz Ogasun zinegotzia prest agertu zen ordenantzan hobekuntzak ezartzeko, baina horren baliagarritasuna defendatu zuen.
Hondakinen bilketaz
PSE-EEk, bestalde, Pasaian edukiontzi marroia ezar dadin mozioa aurkeztu zuen. Beste herri batzuetan horren gaineko akordioak lortzen ari direla nabarmendu zuen, eta Donibanen atez atekoa jartzea “zikina, deserosoa eta garestia” dela esan zuen, besteak beste. Gobernu taldearen izenean Izaskun Biurrun zinegotziak erantzun zien “zur eta lur” daudela sozialistek “erakunde ezberdinetan” agertzen duten jarrerarekin, “Europan, esaterako, errauste planten kontra egiten duzue, eta hemen, beste gauza bat defendatzen duzue”. Hala, Bilduko kideek esan zuten gutxienez %70eko birziklatze tasa lortzen duen edozein sistemaren alde egingo dutela, baina egun hori bermatzen duen bakarra atez atekoa dela. Ez zen aurrera atera PSE-EEren mozioa.
Donostiako Onkologikoaren gaineko bi mozio aurkeztu zituzten, bat EAJk eta bestea Bilduk. EAJrena baztertuta, Bildurena atera zen aurrera: Onkologikoaren beharra nabarmentzen du Bilduren mozioaren testuak, eta bertako lantaldea mantendu behar dela. Horrez gain, Onkologikoa Osakidetzaren sarean sartzearen alde egin zuen Udalbatzak, eta Jaurlaritzari eskatu zion Osasun Saila eta Kutxa ados jar daitezela hori egiteko.