Grebaren eragina ia erabatekoa da Oarsoaldean, txikiagoa Bidasoan
Hainbat sindikatu eta eragilek deitutako grebaren eragina ez da berdina izaten ari Oarsoaldean eta Bidasoan. Sindikatuetako ordezkariek HITZAri esandakoaren arabera Oarsoaldeko sektore guztietan ia erabatekoa da greba orokorra, eta Bidasoan izaten ari den eragina txikiagoa da. Hala, Oarsoaldean, industrialdeak nahiz herrietako komertzioak gehiengo zabal batean itxita daudela jakinarazi du LAB sindikatuak, eta horri udalak eta hezkuntza zentroak gehitu behar zaizkie. Bidasoan, berriz, bai komertzioan zein industrian eragina ez da hain nabarmena, eta hori hainbat sektoretan aurretik izan diren grebengatik izan daitekeela jakinarazi du LABek. Oarsoaldean Pasaiako Portua, Papresa nahiz bestelako enpresa handiak geldirik daudela esan dute sindikatuek, eta Irunen, esaterako, CAFek ia jarduerarik ez duela esan dute.
Garraioan gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira, eta zabalik dauden enpresa nahiz dendetara informazioa ematera piketeak ari dira joaten. Oraingoz, ez da aparteko istilu edo liskarrik izan.