Ostegun normal baten itxuratik urrun esnatu da gaur Errenteria-Orereta. Grebak jarraipen zabala izan du, eta industrialdeak nahiz komertzioek ez dute aktibitaterik izan. Sindikatuen arabera, industriagune guztiak itxita daude gaur, nahiz eta tarteka enpresa txikiren batek pertsianak erdi botata jardun. Gauza bera gertatu da merkataritzan ere. Komertzioek, oro har, bat egin dute grebarekin, eta banketxeren bat eta supermerkatu handiak izan dira ateak ireki dituzten bakarrak.
Piketeak izan dira gaur lanean ibili diren bakarrak. Errenteria-Oreretako industrialdeetan hasi dira goizeko lehen orduan, eta gero herrigunera pasatu dira. Euren hurbiltzen ari zirela ikusita, pertsianak jaitsi dituzte irekita zeuden denda bakanek.
Hezkuntza eta garraioan aktibitate gehiago izan da, batik bat, zerbitzu minimoak direla eta. Hainbat ikastetxetan argiak piztuta ikusten ziren, eta tarteka ere ikus zitezkeen pasatzen autobusak ere. EuskoTrenek ere zerbitzu %30eko zerbitzu minimoekin ekin dio egunari, eta Renfek, berriz, %74arekin.