Bigarren Berdintasun Plana landuko dute gaurko udalbatzarrean
Maiatzeko udalbatzarra gaur izango da, 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan, eta zinegotziek zortzi puntuko gai zerrenda izango dute aurretik. Azken aurreko puntuan Errenteriako Emakume eta Gizonen arteko II. Berdintasunerako Plana 2013-2016 bozketara aterako dute.
Gainontzeko puntuetan, bi gai nagusi jarriko dituzte mahai gainean: batetik, garajeak, eta bestetik, Agirre Lehendakariaren plaza. Lehenengoan, Parke eta Urdaburu kaleko garajeetako plazen baldintza agiriak onartu beharko dituzte 1 eta 2 eraikinetakoak, hain zuzen. Bigarrenean, berriz, EAJrekin lehengo Batzokia kokatuta zegoen orubearen desjabetzearen gainean hartutako akordioa landuko dute.