Oiartzungo Udalak larunbateko erasoa gaitzetsi eta salatu du
Oiartzungo Udalak herrian gertatutako erasoa salatu du eta erasotutako neskari zein bere ingurukoei elkartasuna adierazi die. “Herriak ez du onartuko halako jarrera eta gertaerarik. Udal honek herritar guztien eskubide guztien aldeko hautua egina du. Horregatik, hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditu mota honetako erasorik berriz errepika ez dadin”, adierazi du udalak. Bide horretatik, gertakariak argitzeko eta ustezko erantzuleak dagozkion ondorioak jaso ditzan bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu duela nabarmendu du.
Beste eredu baten alde
Oiartzungo Udalak beste gizarte eredu baten aldeko apustua egiten duela azaldu du: Elkarrekiko errespetuan oinarritzen den gizarte justuago baten aldeko apustua non eskubide eta proiektu guztiak errespetatuak diren eta non emakumeenganako indarkeriarik egongo ez den”.
Udalak Antiju Morik talde feministak gaurko deitu duen elkarretaratzearekin (Doneztebe plazan, 19:30ean) bat egin du eta herritarrei ere parte hartzeko dei egin die. Etziko plenoan, bestalde, adierazpen instituzional bat irakurriko du udalak.