Oiartzungo mutil bat atxilotu dute neska-laguna erasotzea leporatuta
Errenteria-Oreretako komisaldegiko ertzainek 18 urteko mutil bat atxilotu zuten atzo Oiartzunen genero indarkeria delitua leporatuta. Biktima, neska gazte bat, osasun etxe batean artatu zuten hainbat lesio zituelako.
Gertaerak larunbatetik iganderako goizaldean pasatu ziren. Neska gazte batek Ertzaintzan salatu zuen bere mutil-lagunak erasotu egin zuela. Herrizaingo Sailaren arabera, erasoa kalean gertatu zen. Mutilak neska berarekin joatea nahi nahi zuen, baina neskak lagunekin geratu nahi zuela esan zion. Ezezko horren aurrean, salaketaren arabera, mutilak taldetik aldendu zuen, erasotu egin zuen eta ahoa eskuarekin tapatu zion garrasi egin ez zezan.
Herrizaingo Sailak azaldu duenez, erasoaren lekutik pertsona bat pasatu zen eta momentu horretan erasotzaileak neska askatu egin zuen eta korrika alde egin zuen. Gerora, Ertzaintzak ustezko erasotzailea lokalizatu eta identifikatu ondoren atxilotu egin zuen. Atxilotua Donostiako guardiako epaitegiaren esku utzi zuten.