Madalenetako jai batzordea irudi bila
Irudi baten bila jarri da madalenetako jai batzordea, Madalen Jaiak urtez urte irudikatuko dituen sinbolo baten bila. Argi utzi du jai batzordeak ez duela logo bat egiteko eskatzen, eta udalak antolatutako kartel lehiaketarekin ere ez duela zerikusirik: “Madalenak identifikatzeko marka bat sortu nahi da, herriko edozein eragilek (elkarte, kultur eragile, udala…) nahi dion erabilpena emanez, hainbat euskarritan erabili ahal izango duena, esaterako, kamisetetan, banderatxoetan, afixetan…”.
Lanak ekainaren 7a baino lehen bidali beharko dira udaletxeko erregistro orokorrera. JPG edo TIFF formatuan aurkeztu beharko dira eta 300 ppp-ko bereizmena beharko du. Lanarekin batera, kartazal itxi batean, egilearen izena, abizena, helbidea eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira. Irabazleak 300 euro irabaziko ditu.
Jai batzordeak erabakiko du irabazlea zein den. Horretarako kontuan hartuko da madalenek herritarrengan duen sentimendua ahalik eta era egokienean adieraztea, irudiak ahalik eta herritar gehienen babesa izatea, lelorik ez izatea, koloretan nahiz monokromoan erabili ahal izatea, eta euskarri desberdinetan erabili ahal izatea.