Hiru hilabete beteko ditu laster Ernaik Errenteria-Oreretan. Zukgua prozesuan forma hartu ondoren, antolakundea martxan jarri da. Oraindik barne funtzionamendua aztertzen ari den arren, epe motzeko bi proiektutan dabil lanean: greba orokorra eta ekainaren 29ko Gazte Eguna. Alternatibak eraikitzen hasi behar dela esan du Itziar Ostolaza (Errenteria-Orereta, 1991) herriko Ernaiko kideak, eta bide horretan, sistemaren kontra dauden gazteak bezala, “jo puntuan” daudela iritzi dio. Horren froga direla uste du webgunea sortu eta hilabetera ixtea, eta Mikel Button Ernaiko webguneren arduraduna inputatzea.
Martxoan aurkeztu zenuten Errenteria-Oreretan Ernai gazte erakundea. Zer nolako bidea egin du orain arte?
Berez Ernai eratze prozesu batetik sortzen da [Zukgua]. Ernai sortu aurretik, irailetik otsaila bitarte, Euskal Herri osoko hainbat herritan eztabaidak eman genituen. Oreretan 30 gazte inguru ibili gara buru-belarri eztabaida horretan. Eratze prozesu horrek fase asko izan ditu hilabete guzti horietan, eta hiru bloketan eman da. Lehenengo blokean, munduaren ikuspegi orokorra landu genuen, eta zehazki, egoera soziala. Hala nola, sistema kapitalista eta patriarkalak nola eragiten digun egunerokotasunean. Bigarren blokean landu genuen Euskal Herriko ziklo politikoa, eta hirugarrean joan ginen gazte estrategia definitzera. Hor landu genuen gazteria bere osotasunean, gazte mugimendua Euskal Herrian eta antolakundea zein ildo eta oinarritan definituko genuen eta zein funtzio emango genion. Behin eratze prozesu hori eta gero, Lizarran aurkeztu zen antolakundea, martxoaren 3an. Guk handik bi astetara Oreretako gaztetxean egin genuen aurkezpena afari batekin.
Zein lan ildo markatu dituzue?
Bereziki orain ari gara barnera begira, barne funtzionamenduak aztertzen. Baina helburu argi batetik sortu da Ernai. Alde batetik, Euskal Herriko eta gure kasuan, Oreretako gazte problematika lantzeko sortu gara, eta gure leloa hori da, iraultzarako jaio garela. Iraultzarako jaio gara Ernai ikusten dugulako eraldaketarako tresna bat izan behar duela, Euskal Herria eraldatuko duen tresna bat. Guk sinisten dugun Euskal Herri sozialista, feminista eta euskaldun horretara eramango digun antolakundea izango da.
Horretan gazteriak (momentu historiko honetan, gainera) oso paper garrantzitsua duenaz kontziente gara gu ere, eta pixka bat horretarako sortu nahi izan dugu antolakundea: Euskal Herriari buelta hori emateko, baina bereziki, gazteriaren egoeratik abiatuta. Orduan gure helburu nagusia da Oreretako gazteriarekin elkarlanean Oreretan gazteak kezkatzen gaituzten gai horiek landu eta guk amesten dugun Orereta hori eraikitzea, baina beti ere aurrera begirako eraikuntza horretan kokatuta.
Gazteriak, momentu historiko honetan gainera, oso paper garrantzitsua duenaz kontziente gara”
Ikuspegi nazionaletik kanpo, Oreretaren kasuan badituzue helburu konkretu batzuk?
Epe laburrean bi proiektutan sartuta gaude: batetik, greba orokorra. Gazteok ere keinu bat egin behar dugu. Egun horretan gazteak kalera atera behar dugu, azken finean kapitalismoak denei eragiten digulako, eta gazteoi bereziki, azken aldian ematen diren erreformak direla eta. Hezkuntzako erreformak direla eta, gazteoi eragiten digun langabezia tasak geroz eta altuagoak direlako eta etxebizitzarako ditugun zailtasunak medio, keinu bat egin behar dugu eta 30ean kalera atera. Hilaren 30a kokatzen dugu aurrera begirako eraikuntza lan batean. Borroka egun bat da, kalera aterako dira, lantegiak eta ikastetxeak itxiko ditugu eta kalean egongo gara egun horretan, baina aurrera begirako perspektiba eduki behar dugu, lanean jarraitzeko eta gure alternatibak eraikitzen joateko pixkanaka.
Hori maiatzari begira daukagun erronka da, eta ekainera begirakoa, berriz, Gazte Eguna antolatzea da. Gazte mugimenduko gainontzeko eragileekin eta beste gazte askorekin elkarlanean ari gara hori antolatzeko. Ekainaren 29an izango da egun osoko planteamenduarekin. Egun hori izaten da baliagarri gure borrokak azaleratzeko, gazteontzako elkargune bat izaten delako, eta aurtengoan ere Ibon Zabala omenduko dugu.
Grebaren egunean zerbait berezia egin behar duzue?
Goizean herrialde mailako manifestazioa izaten da, eta hor parte hartuko dugu. Arratsaldean, berriz, eskualdeko gainontzeko eragile sozial eta politikoekin batera guk ere bat egingo dugu deialdi guztiekin, eta baita manifestazioarekin ere.
Gazte Egunaren harira, zerbait gehiago aurreratu daiteke?
Egitaraua nahikoa osatuta daukagu. Goizean, gazte olinpiadak izango dira. Gero, ekitaldi politikoa, bazkaria, arratsaldean poteoa eta gauean kontzertuak. Nabarmendu behar da guk antolatzen dugula, baina herriko gazte mugimenduarekin batera, ez guk bakarrik. Egun polit eta potente bat da herriko gazte guztiak batzeko aukera dugulako.
Ernaik zer egin dezake maila sozial eta ekonomikoan gazteek dituzten arazoei aurre egiteko?
Erantzuteko egun batzuk baditugu, baina alternatibak eraikitzen hasi behar gara, gure bizi eredu propioak. Azken urteetan ikusi da genituen eskubide gutxi horiek kentzen joan direla poliki-poliki, eta azkenean iritsi zaigu garaia esateko honaino iritsi garela eta gure alternatiba propioak eraikitzen hasi behar garela etorkizunera begira. Behintzat, guk asmoa daukagu asanblea irekiak deitzen hasteko herrian, askotariko gazteak bertaratzeko eta ikusten ditugun gabezia horiek guztiak identifikatu eta alternatiba horiek sortzen hasteko, baina gugandik hasita, inori itxaroten egon gabe. Hori da nahi dugun Euskal Herri hori gaurtik eraikitzen hastea.
Iritsi zaigu garaia esateko honaino iritsi garela eta gure alternatiba propioak eraikitzen hasi behar garela”
Zukgua prozesuaren bete-betean izan ziren Errenteria-Oreretako gazteen atxiloketak. Nola bizi izan zenuten hori guztia? Eta gertatutakoak gertatuta, nola ikusten duzue Ernairen etorkizuna?
Prozesuaren erdian eman ziren atxiloketak. Guri maila pertsonalean eta prozesuan bertan eragin zigun. Egia da guk egin genuen autoa izan zela prozesua ez etetea, eta horrela egin genuen, uste dugulako azkenean errepresioak, Euskal Herri osoari baina gazteariari bereziki, urte horietan guztietan min handia egin diola eta ezin diegu hori egiten utzi. Azkenean, hartu genuen autoa izan zen gure bidetik jarraitzea eta prozesuarekin bere horretan aurrera jarraitzea. Maila pertsonalean, baina, nabaritu genuen hutsune bat.
Egia esan, atxiloketak eman dira, baina ikusi da, bereziki gure auzipetuen kasuan, eta gero etorri direnen kasuan (Donostiako Bulebarrean eman zen Askegunean eman zen egoera eta baita Ondarroako azkeneko neskarena) horren atzean haserre bat dagoela eta herri bat altxa dela gazte horiei babesa emateko. Iruditzen zaigu alde batetik, motibagarria dela indar erakustaldi bat egotea eta herri batek horrela erantzutea, hori baita egiazko erantzun bat, eta Ernaik hori bete-betean babestuko du uneoro: desobedientzia pasibo hori egitea, gazte horiek babestea eta saiatzea gazte gehiago espetxera ez sartzen.
Gertutik jarraitzen zaituztetela uler daiteke, eta horren adibide izan daiteke Mikel Button Ernaiko webgunearen arduraduna inputatu izana “terrorismoa goratzea” egotzita?
Egia da. Azkenean sistemaren kontra ari garen gazteak bezala bai Euskal Herrian eta baita munduko beste edozein tokitan, errepresioarekin erantzuten gaituzte, eta zehazki, Espainiako Estatuan eta bizi dugun egoeran oraindik eta gehiago. Nahiz eta antolakunde berri bat izan, badakigu estatuaren jo puntuan gaudela hasiera-hasieratik, hori frogatu da webgunea sortu eta hilabetera itxi izanak, eta gure bozeramailea Button inputatu izanak. Guk erantzun behar dugu lanean jarraituz, eta esanez hemen gaudela eta lehen esan dudan bidetik: alternatibak eraikitzen eta frogatzen amesten dugun horren alde lanean jarraituko dugula egunerokotasunean, eta horrela edozein errepresiok ez gaituela geratuko: gure atzetik beste batzuk etorriko dira gure aurretik egon diren bezala.