Ibargainek bost kontzertu antolatu ditu ikasturteari agur esateko
Ibargain Musika Eskolan den prest dute ikasturtean zehar ikasitakoa publiko aurrean erakusteko eta horretarako bost kontzertu prestatu dituzte.Lehenengoa bihar (hilak 28) izango da. Bakarlariak, bikoteak eta kamara taldeak arituko dira, guztira 50 partaide. Udaletxeko areto nagusian izango da, 19:30etik aurrera.
Astezkenean, hilak 29, Gaztetxoen 1. Kontzertua deitu diotena izango da. 7 eta 12 urte bitarteko ikasleek emango dute kontzertua. Hamaika instrumentuz gozatzeko aukera izango da eta bukaeran denen artean Txirri, Mirri eta Txiribitonen Bart non ote nintzen ni kanta abestuko dute. Kontzertu hori Elizalde eta Haurtzaroko 6 eta 8 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago eta 15:15ean hasiko da, udaletxeko areto nagusian.
Ostiralean, hilak 31, Gaztetxoen 2. Kontzertua emango dute. Lehenengoaren tankera izango du, baina 4-5 urtekoei zuzendua izango da. Ordu eta toki berean izango da. Arratsaldean, 19:30ean, 44 partaide pasatuko dira udaletxeko areto nagusiko oholtzatik.
Larunbatean kontzertu handia
Datorren larunbatean, ekainak 1, kontzertu jaialdia prestatu du Ibargainek. Elorsoro kiroldegian izango da, 19:00etatik aurrera. Ibargain Musika Eskolako maila guztietako instrumentu eta koro taldeek parte hartuko dute, baita Elizalde eta Haurtzaroko 6 eta 9 urte bitarteko ikasleek ere. Horrez gain, Oiartzungo Dultzaina Taldeak eta Donostiako Fagoaga Ballet Eskolak euren emanaldia eskainiko dute. Denen artean, gainera, Vendettaren Udarako gau luzea eta Betizuren Lokaleko leihotik kantak abestuko dituzte.
3 musika saio 3 euroren truke
Aurten, datorren ikasturteko matrikula epea zabaldu baino lehen, kanpaina berezi bat antolatu dute Ibargainen: 3 musika saio 3 euroren truke. Musika tailerrak, musika lengoaia eta banakako eskolak emango dituzte.
- Musika tailerra, taldeka (gutxienez 4 ikasle, gehienez 16):
4-5 urtekoentzat: ekainaren 17, 18 eta 20an; 15:00etatik 15:45era.
6-7 urtekoentzat: ekainaren 17, 18 eta 20an, 16:00etatik 16:45era.
- Musika lengoaia, taldeka:
8-9 urtekoentzat: ekainaren 5, 12 eta 19an; 17:45etik 18:30era.
Helduentzat: ekainaren 5, 12 eta 19an; 20:00etatik 20:45era.
- Banakako eskolak:Edozein adinekoentzat 30 minutuko eskolak: akordeoia, bateria, biolina, biolontxeloa, flauta, gitarra, harpa, klarinetea, pianoa eta tronpeta.
Izena emateko bi egun daude: ekainaren 3a (15:30etik 20:30era) eta ekainaren 4a (10:30etik 14:30era tea 15:30etik 20:30era).