Normalean langileen ahotsa entzuten da kalean murrizketak edo langabezia salatu edota lan eskubideen alde, baina gaurkoan erretiratuak entzun ahal izan dira Errenteria-Oreretan. Eurek ere beren egoera salatu nahi izan dute, beraiek ere bizi baitituzte murrizketak eta pentsioen jaitsierak.
11:00etan bildu dira hamarnaka erretiratu Herriko Plazan, eta elkarretaratzearen bukaeran, ia zirrikiturik ere ez da geratu jendea edo banaketa egiten ari ziren kamioiak pasatzeko. Hasieran, lasai egon dira, baina bukaeran, elkarretaratzea antolatu duen Duintasuna elkarteak hitza hartu duenean —Beraun, Agustinak, Kaputxinoak eta Alaberga erretiratuen elkarteekin eta Amalatz emakume taldearekin batera— giroa berotu da.
Duintasuna elkartearen arabera, orain arte kobratzen zuten eta “KPIrekin bat ez zetorren %1eko igoera barregarria ere” kendu nahian dabiltza Madrilgo gobernuko zein Eusko Jaurlaritzako politikariak, eta pentsioak “igo edo jaitsi estatuan dagoen diruaren arabera” egingo dizkietela ohartarazi dute. Hori, egungo egoerari batu behar zaiola gogorarazi dute: “Kopago farmazeutikoa, osasun zerbitzu eskasak, ebakuntzetarako baldintzak, anbulantzia bidezko garraio urritasuna, gurpildun aulkien gabezia…”.
Alargunen egoera ere gogorarazi dute, “euren pentsioa %40-45 murriztu zaien pertsonen egoera”. Haatik, politikariak “banketxeak elikatu eta soldata eta dirusariak igotzeaz ederki” arduratzen direla esan dute. “Egoera hori da hipoteka ezin ordaindu dezaketen erretiratuen egoeraren iturburua, bere buruaz beste egitera heltzen direnen kausa”.
Hortik piztu da zenbait erretiraturen haserrea. Batek esan du zahar asko daudela kobratzen duten pentsioa dela eta, jateko ere ez dutenak, “ezin dituzte errezetak ordaindu”. Bien bitartean, gastuak igo egin direla esan du, argindarra eta gasa, kasu, eta horien goi mailako karguetan Espainiako bi presidente ohi daudela gogorarazi du.
Zentzu horretan, beste batek errezetak ez ordaintzearen alde egin du, eta desobedientzia zibilaren alde.