Errenteriako Udalak Oiartzunen egingo den elkarretaratzerako deia egin du
Atzo goizaldean Oiartzunen neska batek jaso zuen erasoa gaitzesteko egingo den elkarretaratzera joateko deialdia egin du Errenteriako Udalak. Gaur izango da, 19:30ean, Oiartzungo plazan, Antiju Morik talde feministak antolatuta. Errenteriako Udalak, halaber, Oiartzungo Udalaren adierazpen instituzionalarekin bat egin du.
Adierazpen horretan, besteak beste, erasoa salatu du Oiartzungo Udalak, eta mota horretako erasorik berriro ez gertatzeko “hartu beharreko neurriak” hartuko dituela esan du. Zehazki, larunbatean izandako erasoa “argitu eta ustezko erantzuleak dagozkion ondorioak jasotzeko” bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa azaldu du. Era berean, “beste gizarte eredu baten alde” egin du Oiartzungo Udalak.