
Atzoko argi probako une bat
Ordua iristea baino ez da falta gaur Underneed rock taldeak Banako tabernan grabatuko duen kontzerturako. Duela aste gutxi taldearen bigarren diskoa kaleratu dute
It´s always darkest before the dawn izenekoa, eta zuzeneko DVDa grabatu nahi dute orain eta Hondarribiko Banako taberna aukeratu dute horretarako. Eider Roza abeslariak HITZAri kontatu dionez, Banako oso egokia da:”taberna oso ondo dago, oso ondo entzuten da eta argietarako eta, orohar, grabaketa egiteko oso egokia da”.
Atzo egun osoa eman zuten musikari eta teknikariak dena prestatzen. Goizeko bederatzietan hasi ziren muntaketa egiten eta gauerdira arte ez zuten bukatu. “Neketsua izan da, baina dena ondo atera da”, esan zuen Rozak. Atzo bi kamerarekin egin zituzten probak baina gaur bost izango direla esan zuen abeslariak, “zirrikitu guztiak harrapatzeko”. Hamalau orduz aritu ziren lanean baina eguzkiaren izpiak izkutatu zirenean egin zituzten argi eta soinu probak. Gaurko kontzertua bezala, atzoko probak ere ate irekiekin egin zituzten eta tabernara sartzen ziren bezeroak harrituta geratu ziren.
Luntxa eta odoren kontzertua
Gutxi gorabehera 20:30ean hasiko da gaurko kontzertu grabaketa. Lehenago luntxa banatuko dute bertaratzen direnen artean eta ondoren hasiko da Underneed taldearen showa. Abeslariak onartu duenez, hilabeteak daramate gaurko kontzertua prestatzen: “Introak sortu ditugu, abestiak moldatu, argiak asko landu ditugu abesti bakoitzarentzako”. Rozak azaldu zuenez, zuzeneko grabaketa izango da, “egin beharreko proba guztiak gaur [atzo] egin ditugulako”.
Taldearen bi diskoetako abestiak joko dituzte gaur baina baliteke moldaketaren bat ere entzutea. Atzo probatu zituzten abestien artean, esaterako, Queen taldearen
Under pressure zegoen. 20:30ean hasiko da Underneed taldearen kontzertu berezia Banakon.