OKEko bi taldek mailaz igotzeko aukera dute bihar
Oiartzun Kirol Elkarteak (OKE) asteburu historikoa bizi dezake. Bihar, Erregional Ohorezko Mailako taldeak Hirugarren Mailara igotzeko aukera du, eta areto futbolekoa, Gipuzkoako Lehen Mailakoa, Euskal Ligara igo daiteke. Igo ala ez, biek ala biek oso sasoi ona egin dute. Hori biribiltzea falta zaie soilik.
Futbol zelai handiko taldeak 18:00etan jasoko du Trintxerpe Karla Lekuonan. Ligako lehena izateko, hortaz, igotzeko, puntu bakarra behar dute urdinek, eta pasaitarrak etsai aproposa izan daitezke partida ona izateko, azkenak direlako, eta jada maila galdu dutelako; ez dute deus ere jokoan. Baina Gari Argote oiartzuarren entrenatzaileak uste du Trintxerpek “ahalik eta hoberen” bukatu nahiko duela liga, nahiz eta jokoan ezer ez izan. Bakoitzak Argoteren esaldi hori nahi duen bezala uler dezala.
Bihar Karla Lekuonan bizi daitekeen festa urte oso baten, edo batzuen emaitza da. 2012/13 sasoian, esaterako, etxeko jokalariekin osatutako taldea egin du Oiartzunek, eta horretaz harro dago Argote, “aipatzekoa da, gazteak izan arren, egin duten lana. Joan den asteburuko porrotaren ondoren bi egun triste egon dira jokalariak, baina berriz ere gogotsu daude larunbaterako [biharko]”.
Partidak herriko Sagardo Jaiarekin bat egingo du. Festa bikoitza, edo hirukoitza bizi daiteke Oiartzunen bihar.
Areto futbolekoen finala
Festa hirukoitza izan dadin, OKEko areto futboleko taldeak Laskorain gainditu behar du bihar, 19:00etatik aurrera, Errenteria-Oreretako Galtzarabordako kiroldegian. Irabaziz gero, saria potoloa da: Euskal Ligan jokatzea. Gipuzkoako Lehen Mailako finala da Errenterian jokatuko dutena, hau da, herrialdeko mailarik goreneko bi talde hoberenak neurtuko dira.