
Institutoko irakasle eta langileak, atzo Biteriko biribilgunean egindako protestan
Duela hilabete inguru Talaia Institutuko irakasleak murrizketen kontra mugitzen hasi ziren. Ostiraletan kamiseta beltzekin jantzita joaten hasi dira eta atsedenaldietan elkarretaratzeak burutu dituzte. Hezkuntzan Geu Eragile plataformarekin adosten dituzte ekintzak, “eskualde osoko ikastetxeak elkarrekin aritzea interesgarria” dela uste dutelako. Azken bi ostegunetan, gainera, Biteriko biribilgunean elkarretaratze sonatuak burutu dituzte. Ostegunetan Lehen Hezkuntzako irakasle eta gurasoak mobilizatzen direla baliatuta, elkarrekin protesta egin dute, buruhandiekin, aurreko ostegunean, eta zalaparta eginez, atzo.
Institutuko irakasleak “oso kezkatuta” daude egoerak hartu duen norabidearekin eta haien egoera gero eta kaxkarragoa dela ohartarazi dute: “Gero eta gehiago delegatzen da eskoletan hezkuntza eta geroz eta baldintza okerragoak ditugu. Askotan esaten da hau dela etorkizuneko inbertsio handiena baina, gezurra da. Murrizketekin, etorkizunaren kalitatea murrizten dute”.
Kontzentrazioak egiteaz gain, datuak biltzen aritu dira eta dagoeneko badakite zehatz mehatz murrizketen eragina zenbatekoa den hainbat ataletan. Esaterako, testu-liburuen mailegurako programak %80ko murrizketa izan du iaztik: “2010/2011 ikasturtean 14.355 euro jaso zituzten 1.DBHrako, 2011/12 ikasturtean 17.862 euro 1. eta 2. DBHrako eta ikasturte honetan 3.896 euro 1, 2. eta 3. DBHrako”.
Adibide batzuk besterik ez dira hauek, murrizketak alor guztietan izan dituztela nabarmentzen baitute. “Duela hiru urte gastu orokorrerako zegoen dirua eta orain dagoena berbera da, hau da, ez dute kontuan izan iaz inauguratutako eraikin berria, orain Lehen Ziklorako erabiltzen dena baino handiagoa dena. Gimnasioa du… Baina atezain berririk ez, ikasle kopuruaren arabera zehazten baita zenbait atezain behar diren, eta ez eraikin edo azalaren arabera. Eta oso gaizki dabiltza hemengo atezainak horrekin”. Ekipamendurako Jaurlaritzatik jasotzen duten diru kopurua ere txikiagoa da aurreko urteekin alderatuta, %26 gutxiago 2009tik —21.665 euro 2009an eta 16.643 euro 2012an—. “Eta hor ere ez dute aintzat hartu eraikin zaharraz gain berria ere badugula”.
Beste adibide bat Eskola 2.0 programa ezaguna da. “Aurten 2. ziklorako bertan behera geratu da programa”, esan digute. Horrek esan nahi du 3. DBH eta 4. DBHra ez direla ordenagailuak iritsiko eta orain arte banatu diren ordenagailuen mantenurako aurekonturik ere ez dago.
Murrizketekin arazoak dituzte, noski, eta arazo horiei aurre egiteko zailtasunak ere bai, ezin baitituzte aurreikusi: “Ikastetxearen funtzionamendua ikasturtez ikasturte zehazten da, baina aurrekontuak eta murrizketak urtetik urtera, eta hor tranpa handiak egin ditzakete”, kexu dira.
Haurrak kontziente dira
Irakasleen ustez, hezkuntzan gertatzen ari denaz ohartzen ari dira ikasleak: “Asko ari dira pentsatzen LOMCEk izango duen eraginean, murrizketekin ez hainbeste, oraindik hemen ez direlako aplikatu beste autonomietan aplikatu dituzten murrizketak, baina beldurra dute iritsi daitezkeelako. Beraiei ez zaie entzuten, baina beken asuntoak eragingo die, etxean giroa ez delako normala izango”.

Azken bi ostegunetan lehen hezkuntzakoekin elkarretaratu dira, eguerdian
Esaten dutenez, ordezkapenekin ere kexatzen dira ikasleak, irkasle batek baja artu eta lehen astean ordezkapenik ez dagoelako, eta zaintzako irakasleak hartu behar izaten duelako bere lekua. “Materiarekin jarraitzeko arazoak sortzen dira. Horrekin kexatzen dira. Materiala beritzeko garaian ere, zenbait gauza proposatzen dituzte eta ez dago, ezin dira eskuratu. Badakite zer dagoen, hainbeste matraka eman diegu krisiarekin! Balio die jabetzeko zenbaterainokoa den krisia”. Horregatik, datozen asteetan ikasleekin zein gurasoekin hitz egiten hasiko dira Talaia Institutuko irakasleak, egoera aztertu eta haien iritziak jasotzeko.
Egoera jasanezina
Murrizketek eguneroko jardunean eragina dute eta hezkuntza publikoko langileei estresa eragiten die, “lehen jada izaten genuena baino gehiago”. Egoera jasanezina dela diote: “Egoera honetan ezin da duela bi urte bezala irakatsi. Askotan arazoa mozorrotu egiten dute, esaten dute gure lan baldintzak okertu direla baina beste arloekin konparatuta hobeto zeudela lehen. Baina zerbitzu publikoetan kalitatea murriztea da jendeari eskaintzen zaionaren kalitatea murriztea, eta horrek bidea erratzen du neurri batean beste zerbitzu batzuetara bideratzeko edo pribatizatzeko. Murrizketak ez dira soilik gure kalterako, gure hezkuntza jasotzen duten ikasleen kalterako ere badira”.
Bajak ordezkatzeko orduan atzerapauso handia eman dela deritzote Talaiakoek: “Kalitatea murrizken du baja izan eta berehala ordezkoa ez ekartzeak, zaintzako irakasleak berea ez den irakasgaia eman behar izateak, edo euskarazko irakasleak jantokiko zaintzaile lana egin behar izateak”. Askotan zuzendaritzakoek bete behar izaten dituzte hutsuneak eta, horrek, era berean, hutsunea sortzen du zuzendaritzan.
Bukatzeko, institutuko irakasleek lan orduetatik kanpora lanean jarraitzen dutela gogorarazi dute, zuzenketak etxean eginez, ikasgaiak prestatuz edota tutoretzak eginez, besteak beste. “Gure ikasleen gurasoek badakite zein lan egiten dugun eta irakasleren bat ezagutzen duenak ere badaki lanetik kanpo zenbat ordu sartu behar izaten ditugun. Lana ez da eskolan bukatzen”, nabarmendu dute.
Murrizketak Talaia Institutuan, zenbakietan
- Gastu orokorrerako aurrekontua (ura, argia, mantenua, berogailuak…): 2010 urtean 83.022 euro eta 2013an 83.015 euro (29.055 euro jaso dituzte), baina eraikin berria kontuan izanik.
- Ekipamendurako (laborategien hornikuntza, tresna informatikoak, altzariak…): 2009an 21.665 euro eta 2012an 16.643 euro. %26 gutxiago, eraikin berria kontuan izanik.
- Testu liburuen mailegurako: 2010/11an 14.355 euro 1. DBHrako; 2011/12an 17.862 euro 1. eta 2. DBHrako; 2012/13an 3.896 euro 1., 2. eta 3. DBHrako.
- Jantokiko bekak: 2012ko martxorako 13.876 euro jaso zituzten eta aurten hilabete berean ez da ezer iritsi.