Irungo Herri Ziztadak bat egin du greba orokorrarekin
Irungo Herri Ziztada herri ekimenak bat egin du maiatzaren 30erako hainbat sindikatuk deitu duten greba orokorrarekin. “Patronalak merezi duen greba da hau, baita guk ere, beharrezkoa baita, ezinbestekoa. ‘Nahikoa da!’ ozen, indartsu eta sendo esateko garaia da”. Taldeko kideek nabarmendu dute Irunen ia 6.000 langabe daudela (%20ko tasatik gertu), eta gizarte larrialdietarako laguntzetatik 900 bat familia bizi direla, eta horregatik erakundeei “exijitu” diete “Espainiako Estatutik inposatutako neurriak ez aplikatzea, eta Irunen bizi eta lan egiten dugun pertsonok bizi baldintza duinak izan ditzagun iniziatiba hartzea”.
Hartara, maiatzaren 30ean “kalean elkar ikusteko” gonbidapena egin diete herritarrei, eta antolatu duten manifestazioarekin bat egiteko eskatu dute: 10:00etan abiatuko da Herri Ziztadaren manifestazioa Mendibil merkataritza guneko plazatik, Zabaltza plazan bukatzeko.