Hilaren bukaeran bukatuko da Oarsoaldeko igerilekuen erabilera komuna
Oarsoaldeko Kirol Koordinazioaren Mahaiak jakinarazi du hilaren 31n bukatuko dela Oarsoaldeko igerilekuen erabilera komuna. Ekainaren 1etik, beraz, instalazio bakoitzeko pertsona abonatuak, bere instalazioetara bakarrik joan ahal izango dira, ez eskualdeko guztietara. Udako denboraldiaren hasierarekin bat egingo du erabakiak.
2012/2013koa bigarren ikasturtea izan da esperientzia hori abian jarri dutela, 2011/2012n hiru hilabetez proban egon ondoren. Hala, aurtengo balorazioa “positiboa” izan dela adierazi dute kirol mahaiko iturrietatik, zortzi hilabeteko epean 3.000 erabiltzailek baliatu dutelako eskualdeko edozein igerileku erabiltzeko aukera. Horregatik, hurrengo ikasturtean eskaintza horrekin jarraitzeko aukera baloratuko duela esan du Oarsoaldeko Kirol Koordinazioaren Mahaiak.