Hilaren 31an jokatuko du Hondarribiak atzeratutako partida
Ohorezko Mailako taldeak ezin izan zuen joan den larunbatean Aloña Mendiren aurka jokatu, ostiraletik etenik gabe botatako euriak putzu handiak sortu zituelako Hondartza futbol zelaian. Asteburu honetan liga bukatuko da, baina beste data batean jokatzeko aukerarik izan ez dutenez eta partidaren emaitzak igoera edo jaitsierako postuetan eraginik izango ez duenez, datorren asteburuan jokatzeko baimena eman die Lehiaketa Batzordeak bi taldeei.
Hala, hilaren 31n, ostiralarekin, jokatuko dute, 19:00etan, belar artifizialeko zelaian. Mikel Llorente entrenatzaileak HITZAri esan dionez, “belarrezko zelaiaren ureztatze sisteman konponketa lanak egin behar dituzte eta horretarako zati bat altxatu behar dute”. Horregatik, atzeratutako partida belar artifizialezko zelaian jokatuko dute. Hortaz, hilaren 31an aukera izango dute zaleek Hondarribiak egindako denboraldi bikaina taldearekin ospatzeko.
Seigarrena jokoan, Bergaran
Horren aurretik, baina, azken jardunaldia jokatuko da eta Hondarribiak seigarren postua jokoan izango du bihar Bergaran, 17:00etan. Bi taldeak sailkapenean berdinduta daude, 49 punturekin, eta horrela bukatuz gero hondarribiarrentzat litzateke seigarren postua, lehen itzulian 4-1 nagusitu zirelako Hondartzan. Bergararrek irabaziko balute, eta gehienez bi goleko aldea lortuko balute, Hondarribiak seigarren postua berreskuratzeko aukera izango luke hilaren 31n Aloña Mendiri irabazita.
Zazpigarren geratuta ere pozik izango dira Hondarribia Futbol Elkartearen zaleak, taldea iaz maila galtzeko zorian egon baitzen taldea. Baina seigarren geratzea sari ona litzateke denboraldia amaitzeko, eta zer esanik ez bosgarren postuan amaitzea. Bosgarren geratzeko Hondarribiak bi partidak irabazi beharko lituzte —biharkoa eta atzeratutakoa—, eta bosgarren tokian den Beriok bihar galtzea edo berdintzea —Beriok 53 puntu ditu eta Hondarribiak 49—. Donostiarrek lehen postua jokoan izango duen Hernanirekin jokatu behar dute, Hernanin gainera.