Etxe hutsen zergekin diru bilketa asmorik ez duela esan du udalak
Etxebizitza hutsen kasuan, OHZ Ondasun Higiezinaren Zergari gainordaina ezartzearen araudia dela-eta EAJtik egindako kritikei erantzun die udal gobernu taldeak. Udalak gainordain horrekin “diru bilketa asmorik” ez duela esan dute Julen Mendoza alkateak eta Jon Txasko Hirigintza zinegotziak, baizik eta etxebizitzak hutsik ez egotea.
Gaur goizean egindako agerraldian azaldu dutenez, udalak egin dituen pausoek “argi eta garbi” adierazten dute ez duela diru bilketa asmorik izan. Batetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako arauak OHZri %150ko gainordaina ezartzeko aukera uzten duela gogorarazi du Mendozak, baina udalak %100eraino mugatzea erabaki duela. Bestetik, gainordainetik kanpo utzi dituzten hainbat kasuren berri eman du: subjektu pasiboaren ohiko etxebizitzak, baita hirugarren batzuenak ere, alokairu edo lagapena egiten denean. Beste salbuespen batzuk ere ezarri ditu, jarduera profesionalak eta merkataritza jardueretarako bideratutako etxebizitzak, eraiki duten sustatzaileek etxebizitzak, alokairuan jartzeko asmoz erakunde publiko baten esku utzitako etxebizitzak eta fisikoki elkartutako etxebizitzak.
Etxebizitza hutsak zehazterako garaian, errolda kontuan edukitzen dela azaldu du Txaskok, baina badaudela kasuak etxebizitza erabiltzen dutela frogatzeko dokumentuak dituztenak, nahiz eta erroldatuta ez egon. Kasu horietan, gainordainik ere ez zaiela ezarri esan du.
Ohiko etxebizitzari lotuta, berez hortik kanpo egon daitezkeen “egoera bidegabeak” egon daitezkeela ikusi du udalak, eta zentzu horretan, aurreko urteko sei hilabeteetan etxebizitza okupatua egon dela frogatzen duten agiriak aurkeztuz gero ere ohiko etxebizitzatzat joko duela gaineratu du Hirigintza zinegotziak.
1.520 etxebizitza huts, 1.000k gainordaina
Gobernu taldearen arabera, hasierako zenbaketan (2012 urria) 1.520 etxebizitza zeuden hutsik, baina hainbat arrazoi medio 1.200 kalkulatu zituzten izango zirela gainordaina pagatu beharko dutenak. Horiei jakinarazpena bidali zaiela azaldu du Txaskok, eta 500 alegazio jaso dituztela. Onartutako alegazioak kontuan hartuta, azkenean, 1.000 etxebizitzari ezarriko dietela gainordaina azaldu dute. Nahiz eta oraindik prozesua irekita egon.
Hala ere, arau berria dela eta aurkitutako kasuistika kontuan hartuta, egoera berrira “egokitzen” joan behar dutela esan du Txaskok, eta batez ere datorren urteko ordenantzei begira.