Ekainaren 1ean izango da hormen apainketa
Oiartzungo Irrien Lagunek herriko hormak apaintzeko saioa prestatua zuen iganderako (hilak 26), baina data hori ekainaren 1era atzeratu dute. Izan ere, aurreko asteburuan Arraguako jaietan puzgarriak jarri eta hainbat joko egin behar zituzten, baina eguraldi txarra egin zuen. Asteburu honetan izango da hori guztia, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Arrazoi hori medio atzeratu dute festa Irrien Lagunak taldekoek.
Egun osoko festa
Ekainaren 1ean familia giroan pasatzeko eguna prestatu dute Oiartzungo Irrien Lagunek (aurrerago zehaztuko dute egitaraua) eta tartean hormen margoketa izango da. Haurrak Aiora Perez de San Roman alkatearekin bildu ziren eta bidegorriko komunak margotzeko aukera zegoela esan zien. Horrela ba, aurretik ikasi dituzten teknikak erabiliz margotuko dituzte horma horiek.
Bezperan, baina, horma horiek prestatu egingo dituzte Idoia Beratarbide artistaren laguntzarekin. Oiartzungo haurrek egindako marrazkiak jaso zituen Beratarbidek eta marrazki horiek kontuan hartuta murala diseinatu du. Hilaren 31n, beraz, mural hori hormetan prestatuko du hurrengo egunean margotu ahal izateko.